Gipuzkoako papergintza

Langileen %70ek babestu dute Adegiren azken proposamena

Akordioari esker errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da eta laneko gaixoaldietan soldataren %100 kobratuko dute, besteak beste.

Gipuzkoako papergintzako eta arte grafikoetako langileak ADEGIren egoitzaren aurrean protestan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 11
19:08
Entzun

Aurreko astean onartu zuten LAB eta CCOO sindikatuek Adegik Gipuzkoako Papergintzako langileei egindako azken eskaintza. LABek langileei hitza eta erabakia emateko konpromisoa hartu zuen eta horiek berretsi egin dute erabakia: %70ek egin dute akordioa onartzearen alde. Aldeko bozka eskatu duen sindikatu bakarra izan da LAB. ELAk ez zuen onartu Adegiren azken proposamena eta CCOOk boto askatasuna eman die bere kideei.

Hitzarmen horrek biltzen dituen hobekuntzak lortzeko sei eguneko lanuztea egin zuten papergintzako langileek. Akordioak sektorean "betidanik egon diren eskaerak" onartzen ditu, LABek ohar batean azaldu duenez. Hemendik aurrera derrigorrezkoa izango da errelebo kontratua, eta langileek soldata osoa kobratuko dute laneko gaixo baimenetan. Soldatek ere igoera nabarmena izango dute, 2019an KPI +1 eta 2020 eta 2021ean KPI +1,25. Guraso bakarren kasuan sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte beharginek, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko. Horietaz gain, langileek ez dituzte oporrak galduko, gaixoaldian egoteagatik hemezortzi hilabeteetan ez hartu izanagatik; berdintasun planak egitea adostu da, euskararen normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan osasunean hobekuntzak egongo dira, haurdun dauden emakumeentzat soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, etab.

LAB sindikatuarentzat hitzarmen hau da "lorpen sozial gehien" dituena azken urteetan. "Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten ditu" gaineratu dute.

Sektoreko hitzarmenaren indarraldia 2018an bukatu zen Gipuzkoan eta, oraingoz, luzaturik dago. Akordio berria uztailaren 17an izenpetuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.