Seigarren entzierroa

Adarkatu bat izan da San Domingoko aldapan

Korrikalariak ezkerreko hankan hartu du adarkada. Zezenek 02:18an egin dute bidea. Hainbat zezen erori dira, eta korrikalariek ere eroriko ugari izan dituzte.

Korrikalari bat, Nuñez del Cuvillo Cadizko ganadutegiko zezen baten aurrean korrika, gaur, sanferminetako seigarren entzierroan. DANIEL FERNANDEZ, EFE
2019ko uztailaren 12a
07:36
Entzun

Hasieratik izan ditu arrisku uneak aurtengo sanferminetako seigarren entzierroak. Nuñez del Cuvillo ganadutegiko zezenak oso azkar irten dira San Domingoko aldapan, joareak aurretik zirela. Lehenengo metroetan, korrikalari bat lurrera erori da eta zezen batek harekin egin du estropuz. Erortzerakoan, zezenak korrikalari bat adarkatu du ezkerreko hankan. Zauritua 57 urteko Cascanteko (Nafarroa) bizilaguna da. Zezena taldearengandik banandu da eta inguruko korrikalariei eraso egiteko prest agertu da tarte batez. Zorionez, azkar egin du bat taldearekin, eta bidean zuzen jarraitu du.

Udaletxeko plazan eta Mercaderes kalean, eragozpenik gabe egin du aurrera entzierroak, abiaduna handian. Estafeta kalean, ordea, eroriko gehiago izan dira. Bi zezen erori dira lehenengo, eta zezen taldean beste eroriko bat izan da metro batzuk aurrerago. Ondorioz, sakabanatu egin dira animliak eta korrikalariek zezenen aurrean korrika egiteko metro batzuk izan dituzte. Korrikalari ugari ere erori dira, ordea, Estafeta kalearen amaieran, eta hor ere arrisku uneak izan dira. Plazarako sarreran ere korrikalari ugarik egin dute estropuz.

Azkenean, bi minutu eta 18 segundo iraun du entzierroak. Entzierro azkarra izan da, beraz, aurtengo guztiak bezala. Hiru korrikalari artatu dituzte Nafarroako Ospitale Guneko larrialdi zerbitzuetan. Horietako bat, San Domingoko aldapan adarkada hartu duena da. Beste bat, bular aldean kolpe handia hartu duen lasterkari bat. 28 urte ditu eta Barañaingoa (Nafarroa) da. Hirugarrena, Martzillako herritar bat da, 59 urtekoa. Ezkerreko belaunean min hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.