Venezuela

Negoziazio mahai "iraunkorra" sortzea adostu dute Venezuelako Gobernuak eta oposizioak

"Bake akordio bat" lortzeko elkarrizketak abiatu dituzte Barbados uharteetan. Zenbait hedabideren arabera, Madurok hauteskundeak aurreratuko lituzke. Gobernuak, ordea, ukatu egin du halakorik.

Hector Rodriguez Miranda estatu venezuelarreko gobernadorea, artxiboko irudi batean. MIGUEL GUTIERREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 12a
07:23
Entzun

Hiru eguneko "bake elkarrizketak" izan dituzte Venezuelako Gobernuak eta oposizioak Barbados uharteetan, Hector Rodriguez Miranda estatu venezuelarreko gobernadoak adierazi duenez. Rodriguezek jakitera eman du ez dela ahalegin antzua izan, eta negoziazio mahai "iraunkorra" sortzea adostu dutela, "elkarrekin bakearen alde lan egiteko". Baikor mintzatu da gobernadorea. "Irudipena daukat venezuelarrak eta herrialdeko alde politikoak bake eta gobernagarritasun akordio batera iritsi gaitezkeela, elkar aitortuko garen joko demokratikoaren baitan". Hala ere, ohartarazi du ez dela egiteko erraza izango. "Konplexua izango da. Lan eta ahalegin handiak eskatuko ditu".

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak zehaztu duenez, elkarrizketetan, Norvegiako Gobernua aritu da bitartekari lanetan, eta sei puntu adostu ditu gobernuak "oposizioekin". "Agenda adostu bateko sei gai dira, elkarrizketetan adostutakoak". Ez du puntu horiei buruzko xehetasunik eman nahi izan, Norvegiako Gobernuak "diskrezioa" eskatu dielako.

Venezuelako El Nacional egunkariaren eta Bloomberg albiste agentziaren arabera, akordio horrek presidentziarako hauteskundeak 2020 urtearen lehen hilabeteetara aurreratzea jasoko luke, eta bozak Hauteskunde Kontseilu Nazional berritu batek gidatuko lituzke. Trukean, Juan Guaido oposizioko kideak bere nazioarteko aliatuak konbentzitu beharko lituzke funtzionario chavisten kontra hartutako zigor ekonomikoak bertan behera utz ditzaten.

Bi hedabide horiek gaineratu dute Madurok uko egingo liokeela hautagai izateari, eta hautesunde lehiatik baztertuta geldituko liratekeela Cabello eta Tareck El Aissami presidenteorde ekonomikoa ere. Maduroren gertuko gizon horiek Mirandako gobernadoren Rodriguezi emango liokete bidea. Rodriguezek 37 urte ditu, baina eskarmentua du Hugo Chavez presidente ohiaren nahiz Maduroren gobernuetan.

Hedabide horien informazioa gezurtatu egin du Diosdado Cabello Venezuelako Asanblada Konstituziogileko presidenteak. Haren esanetan, ez dira aurreratuko presidente kargurako bozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.