Katalunia

Torra epaituko du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, xingola horien auziarengatik

Kataluniako fiskal nagusiak desobedientzia delitua leporatzen dio, Espainiako Hauteskunde Batzordeak xingola horiak erretiratzeko agindu zionean agindu horri muzin egin ziola iritzita.

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea. SUSANNA SAEZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 12a
07:46
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidenteak ahozko epaiketa bati egin beharko dio aurre, xingola horien auziarengatik. Kataluniako Auzitegi Nagusiak auzipetu egin du, Kataluniako fiskal nagusiaren salaketa aintzat hartu eta gero. Fiskalak desobedientzia delitua leporatzen dio. Haren araberan, Torrak uko egin zion Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua betetzeari. Hori dela eta, urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna eskatu du Kataluniako presidentearen aurka.

Joan den apirilean, Espainiako hauteskundeetarako kanpainan, Generalitatearen eraikinetatik xingola horiak eta esteladak erretiratzeko agindu zion Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako Gobernuari. Hasieran, espetxean diren buruzagi independentisten askatasuna eskatzeko sinboloak eraikin publikoetan mantentzeko asmoa agertu zuen Torrak, eta horiek beste sinbolo batzuekin ordezkatu zituen Generalitateak—xingola zuriekin eta politikari presoen aldeko mezuekin—. Azkenean, baina, sinboloak erretiratzea erabaki zuen gobernuak, Kataluniako arartekoaren aholkuari jarraituz.

Hala ere, Torraren aurka egitea erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak, eta gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Espainiako Fiskaltza Nagusiari. Hark Kataluniako Fiskaltzari eskatu zion ikerketa abiatzeko, eta, gertakariak aztertu ondoren, Torraren aurkako salaketa aurkeztu zuen azken horrek.

Fiskaltzaren salaketa aintzat hartu eta Torra auzipetzea erabaki du orain Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Vox eskuin muturreko alderdiak herri akusazio gisa jardungo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.