Euskara

Karrerek onartu ditu, azkenean, euskara hutsezko zinegotzi kargu-uzteak

Bi aldiz errefusatu zituen dimisioak, euskara hutsean eginak zirelako. Hondarrean, baina, Bruno Karrere auzapezak onartu die erabakia Uztaritzeko bost zerrenda kideei.

Bruno Karrere auzapeza, artxiboko argazi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Ipar Euskal Herriko Hitza
2019ko uztailaren 12a
15:48
Entzun

Joan den apirilaren 11n jakinarazi zuten Uztaritzeko kontseilu bilkuran kargua utziko zutela Uztaritze Bai zerrendako bost hautetsi hauek: Lore Aristizabal, Tomas Dagerre, Arño Ospitaletxe, Janp Lapeyrade eta If Matxikote. Bruno Karrere auzapezak ez zituen onartu dimisioak, euskara hutsez erran zituztelako. Ondotik, bost hautetsiek gutunez helarazi zioten auzapezari bere erabakia, hor ere euskara hutsean. Legeak frantsesa baizik ezagutzen ez duela argudiatuz, horiek ere ez zituen onartu auzapezak. Uztailaren 12 honetan, kargua utzi duten zinegotzi ohiek jakinarazi dute, azkenean, Karrerek onartu dituela dimisioak, euskara hutsez izanik ere. Hala diote prentsari bidali mezuaren izenburuan: "Kargu-uzteak onartu behar izan ditu azkenean Karrere auzapezak, gutuna soilik euskaraz izanik ere".

Karrereren jarrera aldaketa noiz gertatu den kontatu dute agirian. "Agintaldia bukatu arte herriko biltzarrera deituko gintuela adierazi bazuen ere, ekainaren 24an aldiz, gure dimisioa kontuan hartzen zuela jakinarazi zigun, gutun numeriko bidez, bost hautetsi ohioi". Ondorioak ere atera dituzte: "Alde batetik, gure dimisioak onartzea ez zela prefetaren esku, baizik eta auzapezaren esku. Bestetik, Bruno Karreren joko bikoitza euskararekin: hitzez aldekoa, baina ekintzez, euskara ulertu arren, kontrakoa".

Etsipen kutsu batekin bururatu dute istorio honetatik jalgi dena: "Garaipen handiagoak izan zitzakeen euskarak garaipen ttiki batekin geratu beharko du gaurkoan, berriz ere: Euskal Herrian kargua uzteko gutunak euskara hutsez idatz daitezke".

Bilakaera baten kontakizuna

"Garaipen ttiki" horren ezagutaraztera ez dira mugatu Uztaritzeko hautetsi izandakoak. 24 orriko liburuxka elebidun batean Uztaritze Bairekin urtez urte bizi izan dituztenak kontatu baitituzte, Uztaritze Bai zerrendaren bihotzeraino bidaia izenburupean. Kargu-uzteekin ziklo bat hesten dela diote egileek, eta argitalpenaren arrazoiak ematen: "Jendeak eskutan ahalik eta informazio gehien izan ditzan, hartara norberak azterketa eta gogoeta propioak egin ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.