Indarkeria matxista

Emakume bat bortxatu dute Beasainen

Erasoa bart gauean gertatu da. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta ez du eman kasuari buruzko xehetasunik. Udalak elkarretaratzera deitu du biharko, 13:00etarako.

Herriko gazteek deituta, Beasainen gaur arratsaldean egin den bilkura. / . GOIERRIKO HITZA
2019ko uztailaren 13a
10:49
Entzun

Gizon batek emakume bat bortxatu du bart gauean Beasainen (Gipuzkoa). Ertzaintzak baieztatu du erasoa. Polizia ikertzen ari da nola gertatu den, eta oraingoz ez du xehetasun gehiago eman. Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak adierazi du ikerketaren ondorioen zain dagoela udala, eta "lanean ari direnei lanean utzi" behar zaiela.

Sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzera deitu ditu Beasaingo Udalak herritarrak, udal talde guztien babesarekin. Aldasorok babesa agertu dio biktimari udalaren izenean, eta herritarrei mobilizatzeko eskatu die "gaitz hori" amaitzeko. Biharko deialdiari itxaron gabe, herriko gazteek beste kontzentrazio batera deitu dute gaurko, 20:00etarako, Bideluze plazan.

Goierriko Hitza-k azaldu duenez, jendetza elkartu da arratsaldean Erasoen aurrean erantzun kolektiboa. Antolatu zioen pankartaren atzean egindako elkarretaratzean. Ixiltasun ozenean eta sakonean egin dute protesta. Tabernek ere bat egin dute ordu horretan lana eten dute eta Ehunmiliak probaren antolakuntzak bat egin du elkarretaratzearekin.

Amaieran irakurri duten testuan, "erasoa jasandakoaren intimitatea eta ongizatea errespetatzeko" eskatu diote beasaindarrei. Jarraian, "desadostasun eta gaitzespen osoa" adieraz nahi izan diote, “kasu honi eta egunerokotasunean emakumeen aurka egiten diren beste hainbeste eraso, bortxaketa eta erailketari". "Izan ere, ondorengoa ez da kasu bakana izan, emakume langileok behin eta berriro jasan behar izaten dugun eraso sistematikoa baizik".

Gipuzkoako Aldundiak ere gaitzetsi egin du bortxaketa. Ohar baten bidez adierazi du emakumeen kontrako indarkeriaren erroak "sakonak" direla eta "emakumeak kontrolatu eta azpiratzeko asmoa duen ideologia bati" zor zaiola. "Indarkeria mota honen izaera estrukturala aintzat hartuta, guztioi dagokigu erantzun egokia ematea, bai herritarrei baita erakundeei eta enpresei ere".

Beste sexu eraso bat salatu zuten atzo Goierrin bertan. Legorretan (Gipuzkoa), elkarretaratzea egin zuten, inguruko lantegi batean izandako erasoa gaitzesteko. Erasoa 2016. urtean gertatu zen, eta epaileak zigortu egin du orain erasotzailea. Bi urteko espetxe zigorra ezarri dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.