Musika

Aurreiritziak birrintzen

Kobetamendi bete duten 40.000 zaleak liluratu dituzte Rosaliak eta The Strokesek, Bilboko BBK Live jaialdiaren bigarren jardunaldi eklektikoan. Idlesek eta Omar Souleymanek ere txunditu dituzte ikusleak. Gaur amaituko da jaialdia, Weezer taldearen pop itsaskorrarekin.

Rosalia kantari kataluniarra atzo Kobetamendin eskainitako kontzertuko une batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iñaki Lasa Etura.
2019ko uztailaren 13a
16:17
Entzun

Belaunaldi talka Bilboko BBK Live jaialdiaren bigarren egunean. Askotariko adin eta jatorrikko publikoa Kobetamendirako erromesaldian: gazte jendea, nerabe urduriak alde guztietara begira, gurasoak zirraratsu seme-alabekin; ohiko rock tankerako elastikoak eta Instagramen bihotzak pilatzeko look txundigarriak... Rosalia eta The Strokes, nor baino nor, zale gehien nork erakarriko lehian. Musika urbanoa eta rocka, eskutik.

Sarrera guztiak salduta zeudela iragarri zuten antolatzaileek aldez aurretik, eta lepo bete zen Kobetamendi: 40.000 pertsona. Nabaritu zen jendetza, eta jaialdietako ohiko deserosotasun txikiak eragin zituen: ilara luzeagoak egon ziren oro har, eta ostegunean hain ondo ibili zen autobus zerbitzua saturatu egin zen puntako orduetan; kontzertu nagusiak amaitu ondoren, bereziki.

Ikusmin handia sortu zuten bi kartelburuek; zeresan handia eman baitute antolatzaileek iragarri zituztenetik. Badirudi Rosaliaren inguruan dena dela zuria ala beltza, erdibidirek gabe. Sutsuak dira bere jarraitzaileak: ateak ireki eta gutxira lehen ilaratan eserita zeuden asko, bost orduko itxaronaldia egiteko prest. Baina, sutsuagoak dira kataluniarra gorrotu dutenak. Gorrotu dutela esan, bai, baina haren abesti guztiak entzun dituzte, eta atzoko kontzertua ikusten ari ziren, jaialdiko beste eskaintzei muzin eginda. The Strokesen inguruan, rock taldeak "aspaldi behea jo" duela esaten zuten askok. Bada, kontrako guztiak isilarazi zituzten biek ala biek, zuzeneko bikainekin.

Rosalia oholtza gainean agertu bezain pronto nabaritu zen zenbaterainoko estatusa duen jada: pop edo rock izar handienentzat soilik izaten den orro gorgarria entzun zen Kobetamendin barrena, lehen ilaratik azkenera iritsi zen olatua. Zoramena eragin zuten Pienso en tu mirá abestiaren lehen estrofek, eta milaka eztarriren babesa izan zuen. Koroak eta esku-zartak egiten zuen taldea zuen oholtzaren alde batera, El Guincho musika ekoizlea beste aldean, eta milimetrora neurtutako koreografiak egiten zituzten dantzariak ondoan.

Talentu handia du Rosaliak, eta erregistro ugari menderatzen ditu. Ileak tente jarri zituen a capella kantatu zuen Catalina abestiarekin, Las Grecas taldearen Te estoy amando locamente bertsionatu zuen, pop pilula edarra eskaini zuen James Blaken Barefoot in the Park abestean, reggaetoia Con Altura-rekin eta Brillo-rekin iritsi zen, musika urbanoa Malamente eta Aute Cuture-rekin... Argitaratu berri duen Dios nos libre del dinero-ren rumba doinuekin amaitu zuen emanaldia. Beyoncerekin alderatu zuten zenbaitek, eta oraindik ere AEBetako dibaren mailan ez badago ere, garbi dago marketina baino askoz gehiago dela Rosalia.

Denboraren makina

Denboran atzera egin zuen, ondoren, Kobetamendik, 2019etik 2006ra. The Strokes taldeak ahaztu egin zuen tartean dauden hamahiru urteak, eta haien lehen hiru lanetan oinarritu zuen kontzertu osoa. Zaleek gehien estimatzen dituzten diskoak: Is This It, Room on Fire eta First Impressions of Earth. Lan horietan dituzten ereserki gehienak jo zituzten, eta Rosaliak sortu zuen eromen bera eragin zuten. Julian Casablancas eta taldekideak hamabost minutu berandu taulagaineratu arren, lehen akordeekin barkatu zitzaien atzerapena.

New Yorkeko taldeak bi urte eman ditu kontzerturik eskaini gabe, aurtengo maiatzean itzuli ziren arte. Kritika zorrotz samarrak jaso zituzten orduan: gogo gabe jotzen zutela, sasoiko ez zeudela... Zalantzak berehala uxatu zituzten aukeratutako abesti zerrendarekin: Heart in a Cage, New York City Cops, Hard to Explain, Reptilia, Soma, Is This It,Last Nite... Gitarkadaka lortutako garaipen argia. Rock musika ere dantza daiteke.

Kartelburuen itzalean geratu ziren gainontzeko taldeak, baina izan zen distira propioa izan zuenik ere. Badira une jakin batean ikusi behar diren taldeak, sasoiko daudenak. Hori da Idlesen kasua, gero eta ezagunagoak dira eta denen ahotan daude. Eguneko kontzertu basatiena eskaini zuten punka, rocka eta posthardcorea nahieran nahastuta. Hooliganismo musikal zoroa. Diskoak Kobetamendin aurkeztera ohitu da Suede, baina The Blue Hour diskoko bi abesti soilik jo zituen Brett Andersonen taldeak, ibilbide osoko errepasoa egiteko. Txundigarria izan zen Omar Souleymanen kontzertua ordu txikitan, bitxi-bitxia. Hankaz gora jarri zuen karpa Emirerrietako xekeak bezala jantzita, Siriako doinuak modaz pasatako elektronikarekin uztartuta. Bollywoodeko film batean baino dantza gehiago egin zuen jendeak.

Brockhampton rap kolektiboaren ordu berean zuen emanaldia Anarik, eta zale kopuru polita bildu zuen bandak sarrerako eszenatokian. Kontzertu intimo baterako leku aproposa ez izan arren, musikaren eta letren bitartez areto txiki baten goxotasunera eraman zituen entzuleak, kulunka dotorean.

Weezer, Vince Staples, The Good, The Bad & The Queen...

Gaur amaituko da aurtengo Bilboko BBK Live jaialdia. Weezer da eguneko izar nagusia, baina Rivers Cuomoren pop itxaskorra ez da eskaintza zabal eta eklektikoaren izen interesgarri bakarra. Vince Staples hip-hop abeslariak zale andana ditu, Damon Albarn ezaguna da The Good, The Bad & The Queen taldearen liderra; Hot Chipen musika dantzagarriak saltoka jarriko ditu zaleak, Nathy Peluso, Cala Vento... Nogen eta Serrulla euskaldunek emango diote hasiera jardunaldiari. Biana Bilboko BBK Jaialdia amaitzeak ez du esan nahi musika doinuak amatatuko direnik Kobetamendik. Bihar, kontzertu berezia eskainiko du Berri Txarrak taldeak. Gonbidatu ugari izango ditu emanaldiak, eta ekitaldi ugari antolatu dituzte arratsalde hasieratik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.