Sexu erasoa

Iruñean ozen salatu dituzte sanferminetako sexu erasoak

Elkarretaratzea egin dute milaka lagunek igande arratsaldean, Gora Iruñea plataformak eta Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak deituta.

Sexu erasoa salatzeko protesta, atzo, Iruñean. JESUS DIGES, EFE
2019ko uztailaren 15a
15:56
Entzun

Elkarretaratze zaratatsua egin dute Iruñean sanferminetako azken egunean, hilaren 6an emakume batek jasandako sexu erasoa salatzeko. Arratsaldean izan zen protesta, eta jendetza elkartu zen Gazteluko plazan, Gora Iruñea plataformak eta Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak deitutako mobilizazioan. Peñen ordezkariak ere han izan ziren, ordezkari politiko ugarirekin batera. "Nazkatuta gaude gure jaiak askatasunez bizi ezin izanaz", nabarmendu dute antolatzaileek.

Iruñeko Udalak "gaitzespen irmoa eta erabatekoa" agertu du, eta "babes osoa" helarazi die "biktimari eta bere ingurukoei". Aho batez irakurketa bat adostu ezin, eta bi adierazpen onartu zituzten udalean. Navarra Sumak ez zuen babestu EH Bilduk proposatutako aldaketa bat, "erasotzailea babestu eta emakumeak erruduntzen dituen eredu kulturala" aldatzeko beharra nabarmentzen zuena, eta hark ez beste talde guztiek onartu zuten testu hori. Lehenengoa, berriz, EH Bilduk ez beste guztiek.

Sanferminetako erasoarekin lotuta, gizon bat atxilotu zuten poliziek andre batek salaketa jarri eta ordu gutxira. Mugimendu feministak zehaztu duenez, intentsitateko ezberdineko 18 erasoren berri izan dute aurten. Iruñeko Udalak gaur du egitekoa festen balantzea.

Ez da izan egunotako eraso eta protesta bakarra. Beasainen (Gipuzkoa), esaterako, elkarretaratzea egin zuten atzo, emakume batek jasandako bortxaketa salatzeko. Erasotzailearen bila dabil Ertzaintza. Santurtzin eta Sestaon ere (Bizkaia) salatu dituzte indarkeria matxistarekin lotutako erasoak asteburuan. Arratsaldean, elkarretaratzea egingo dute Santurtzin; larunbat arratsaldean 58 urteko gizon bat atxilotu zuen han Ertzaintzak, bikotekideari erasotzeagatik genero-indarkeria delitu bat egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.