Laneratzea

EHUko tituludunen laneratzea hobetu egin da, baina genero arrakalak hor dirau

Nekane Balluerka errektoreak nabarmendu du prestakuntza akademikoa "soldata hobe bat lortzeko gakoa" dela, eta euskarak laneratzean duen "izugarrizko pisua" ere azpimarratu du

2015ean egresatutakoen langabezia tasa %8koa da. FOKU
amaia igartua aristondo
2019ko uztailaren 15a
07:37
Entzun

2015eko EHUko egresatuen %85ek prestakuntzari lotutako enplegua dute. Hori da unibertsitateko ikasleen laneratzeari buruzko azken inkestaren emaitza. 2018 bukaeran egin zen, eta 2015eko promozioko %72k hartu zuten parte. Goizean aurkeztu dute Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketarako sailburuak, eta, oro har, aurreko urteekin alderatuz emaitzak "positiboak" direla nabarmendu dute, aho batez: %44k kontratu mugagabea dute, edo kooperatibistak edo autonomoak dira; langabezia %8 da. Gainera, %80 euskal enpresetan ari dira lanean. Bestalde, ordainsariak 2009. urteko mailara itzuli dira: lanaldi osoa egiten dutenek 1.560 euroko soldata garbia jasotzen dute, batez beste.

Hala ere, "erronkak" oraindik badirela aitortu du Artolazabalek: horietako bat, gizonen eta emakumeen arteko arrakala. Lanaldi murriztuetan da agerikoen desberdintasuna: nahiz eta, oro har, haien kopuruak behera egin duen, emakumeek askoz gehiago eskatzen dituzte gizonek baino —%27 eta %14, hurrenez hurren—. Lanaldi mota horri "bizitza-proiektu pertsonala eta familiarra osotasunez garatzeko oztopoa" iritzi dio sailburuak, eta, horrenbestez, "enpleguaren hobekuntzan eta lan baldintzen kalitatean sakontzen jarraitu" behar dela azpimarratu du. Lanaldi murriztuan, 849 euro kobratzen ditu ikertu den promozioko emakume batek.

Euskara, askorentzako lantresna

Lanbiderekin elkarlanean egindako inkestan, lanean erabiltzen zuten hizkuntzari buruz ere galdetu zitzaien egresatuei. Gizarte Zientzietan erabiltzen dute gehien: galdegindakoen %66 egunero aritzen dira euskaraz arlo horretan. Aldiz, Zientzia Ekonomiko-Juridikoetan du presentzia urriena: %30eko erabilera. Datuok EHUren hizkuntza eta kultura dimentsioaren adierazletzat hartu ditu Balluerkak: "Gure unibertsitatearen izaera euskalduna, haren identitatearen balio osagarria izateaz gainera, benetako gizarte eta lan beharren araberako erantzuna ere badela berresten du".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.