Garraioa

Lehen taxi hegalaria: elektrikoa eta gidaririk gabea

Tecnaliak aerotaxi bat garatu du, eta gaur aurkeztu du Donostian. Bost-zazpi urte barru martxan ibiltzea espero du.

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 15a
07:41
Entzun

2035eran 32.000 eurora iritsiko da aireko taxien negozioa, Porsche Consultingen ikerketa baten arabera. Tecnaliak ez du uste horrenbeste itxaron beharko denik hirietan taxi hegalariak martxan ikusteko. "Bost edo zazpi urte barru horrelako aireontziak errealitate izango dira merkatuan eta zenbait hiritako zeruetan", adierazi du Agustin J. Saenzek Donostian egindako aurkezpenean. Saenz Tecnaliako merkatuko zuzendariordea da, eta esan du Tecnalia orainaldiaren eta etorkizunaren arteko muga-mugan dagoela oraintxe, aerotaxiaren proiektuarekin.

Mundu osoan sei aerotaxi prototipo daude; horietako bat, Euskal Herrian. Europan, hiru baino ez dira. Aerotaxiak gaur goizean egin du proba hegaldia, Donostiako zezen plazan. Minutu batez egin du hegan, barruan bidaiaririk gabe, araudi arrazoiengatik.

Ibilgailua hirietan ibilbide laburrak era autonomoan egiteko diseinatu dute. Pertsona bakarra edo 150 kilogramora bitarteko kargak garraiatzeko prestatu dute, eta hirian hamabost bat minutuko distantziak egiteko prest dago —gehienez ere hamabost kilometro—.

Horrela, munduko hirigune guztietako garraio beharren %85 beteko lirateke. Joan-etorriak orduko 90 kilometrora arteko abiaduran egingo lirateke, baina gehienez orduko 190 kilometro har ditzake. Hegaldiaren garaiera, berriz, 100-300 metrokoa izan daiteke. Dena dela, aerotaxien funtzionamendua baimentzeko etorkizunean sortu beharko den araudiak zehaztu beharko ditu bai abiadura muga, bai gehienezko garaiera.

Helikoptero bat baino askoz gehiago

Tecnaliaren aerotaxiak 1,8x2 metroko kabina aerodinamikoa dauka, eta bidaiaria atzeko aldetik sartzen da. Kabinak leiho handi bat du aurrean, eta handik zerua ikus daiteke; ez, aldiz, kabinaren atzekaldean eta beheko hegaletan dauden lau droneak.

Izan ere, lau drone ditu aerotaxiak, aireontziaren goiko eta beheko aldean jarriak, hura mugiarazteko. "Hortxe dago haren berrikuntza nagusia: kontrol aurreratuko sistema bati esker, era independente baina koordinatuan mugitzen dira droneak; hala, egonkortasuna efizientzia, doitasuna eta kabinaren kontrolagarritasuna hobetzen dira, eta ondorioz, baita kabinako konforta ere".

Autonomoa eta interaktiboa

Tecnaliako arduradunek uste izan arren bost-zazpi urte barru martxan egon daitezkeela aerotaxiak hirietan, hori gertatu ahal izateko lehenik eta behin hegaldi baimenak eta aerotaxien trafikoa antolatzeko eta arautzeko neurriak hartu beharko ditu administraizoak. "Hori lortzeko egin behar diren lege aldaketetan eskumena daukaten agintariekin ere ari gara lanean", azaldu du Saenzek. Edozelan ere, gaineratu du badirela herrialde batzuk —besteak beste, Alemania eta Frantzia— dagoeneko ari direnak posizionatzen proiektu pilotuekin. Halaber, datorren urtean lehenengo hegaldi esperimentalak egingo dituzte aerotaxiekin Los Angelesen, Dallasen, Dubain, Singapurren eta Tokion.

Berariazko parkingik gabe

Saenzek etorkizuneko negozio eredua zelakoa izan daitekeen ere irudikatu du: "Halako ibilgailuak ustiatzeko aukera posible bat zerbitzu partekatu bat da, non aireontziak erabiltzeko aukera izango bailitzateke hiriko beste puntu batera era autonomoan joan behar denean. Horretaz gain, salgaiak hirian garraiatzeko edo larrialdietarako erraz iristeko ere erabil daitezke". Erabilera aukera oso zabala dela nabarmendu du.

Gainera, aerotaxiari diseinu aproposa egin diote hirietan harentzako parking berezirik ez egiteko. Ez du, helikopteroek bezala, heliporturik beharko. "Espazio estuetan lur hartzeko eta aireratzeko gai izango da: esate baterako, autoen aparkaleku batean", zehaztu du Saenzek. Ingurune baldintza txarrak ere jasan ahal izango ditu ibilgailuak, "hala nola, haize eta euri bortitzak". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.