Mariano Ferrer agurtzeko ekitaldia egingo dute, gaur arratsaldean, Donostian

Herri Irratiko zuzendariorde eta 'Egin' egunkariko zuzendari izandakoa 19:30ean agurtuko dute, Gladys Enea parkean. Ekitaldi zibila izango da.

jarraia168948.jpg
2019ko uztailaren 16a
15:20
Entzun

Mariano Ferrer (Donostia, 1939) kazetaria eta urte luzez adierazpen askatasunaren aldeko ekintzaile izandakoa agurtuko dute, gaur, senide eta lagunek, Donostian. Gladys Enea parkean egingo diote agur ekitaldia, 19:30ean. Herri Irratiko zuzendariorde eta Egin egunkariko zuzendari izandakoa atzo hil zen, 79 urterekin. Ekitaldi zibil batean agurtuko dute.

Ikuspegi kritikoa zainetan zeukan Ferrerrek, eta horri eusten saiatu zen kazetaritza ibilbide luzean; besteak beste, Herri Irratian jardun zuen urteetan, hainbat hedabidetan izan zen iritzi emaile, eta bakearen aldeko egitasmoetan laguntzaile. Askatasunaren eta giza eskubideen alde egindako lana goratu dute.

Seminariotik pasatuta iritsi zen kazetaritzara Ferrer. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilen, eta Kazetaritza. 1965ean, AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen; Teologia ikasi zuen jesuiten unibertsitatean. Handik itzulita, Donostiako Herri Irratian hasi zen 1971n —jesuitekin lotutako irratia zen—. Zentsura garai biziak ziren artean; Ferrerrek ere jasan zituen.

1977an prentsara jo zuen: Egin egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta lehen zuzendaria. Ez zuen asko iraun, halere: 1978an irten zen Egin-etik. ETAren hilketa bat kritikatu zuen egunkariko editorial batean. Hain justu, Ferrerren "osotasun profesionala" nabarmendu du Mirentxu Purroik —Egin-eko zuzendaria izan zen 1978tik aurrera—: "Pertsona deserosoa zen politikarientzat, alde guztietako politikarientzat. Ez zen inorekin ezkontzen. Justizia puntua bilatzen zuen". Egin-en ildo editorialarekin kritikoa zen.

Herri Irratira bueltatu zen 1978an, eta urte luzeetako bidea urratu zuen. Saio batek egin zuen ezagun: El kiosko de la Rosi. Goizeko irratsaioa zen, eta 2004ra arte eman zuten, Ferrerrek erretiroa hartu zuen arte. 30 urtetik gorako bidea egin zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.