Frantzia

Frantziako Ekologia ministroak dimisioa eman du, polemika sortu duten gastu publikoen ondorioz

Diru publikoarekin luxuzko afariak eta bere ministerioko apartamentu pribatuaren berritze garestia ordaindu zituela jakinarazi du Mediapart hedabideak.

Françoise De Rugy, Frantziako Ekologia ministroa. IAN LANGSDON, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 16a
07:36
Entzun

Fraçois de Rugy Frantziako Ekologia ministroak dimisioa aurkeztu dio Edouard Philippe lehen ministroari. Mediapart hedabideak argitara atera duen informazioaren harira sortu den polemikak bultzatu du De Ruby erabakia hartzera. Joan den astean jakin zenez, ministroak luxuzko hainbat afari ordaindu zituen diru publikoarekin, Asanblea Nazionaleko presidente zenean. Horrez gain, bere ministerioko apartamentuaren berritze garestia ere ordaindu zuen herritarren kontura.

De Rugyk bere Facebook kontuan azaldu du lehen ministroari eman diola dimisioaren berri, bere defentsa ahalik eta ondoen prestatu ahal izateko.

Frantzian iritzi publikoa asaldatu duten afaritarako gastuak 2017ko ekaina eta 2018ko iraila artekoak dira, De Rugy Asanblea Nazionaleko presidente zen garaikoak. Otarrainak eta 500 euroko ardo botilak ez ziren falta afari horietan. Bere karguari zegozkion ordezkaritza funtzioari lotutako afariak izan zirela argudiatu du Ekologia ministroak, baina adierazpen horiek ez dituzte kontrako ahotsak apaldu.

Horrez gain, De Rugy bere ministerioko apartamentu pribatua berritzeko 63.000 euro gastatu zituen ditu publikotik. Hormetako margoa aldatu zuen, moketa eta parket berriak jarri, eta komunetan ere obra egin zuen. 17.000 euroko jantzigela egin zuela ere publiko egin du Mediapartek.

Zerrenda ez da hor amaitu. Ministroari leporatu diote Nantesen (Frantzia) errenta jakin batetik beherako herritarrentzako gordea dagoen etxebizitza bat erabiltzea eta 2013an eta 2014an, diputatua zenean, agintaldiko gastuen konpentsazioa erabiltzea EELV Europa Ekologia Berdeak bere alderdiari egin beharreko kotizazioen zati bat ordaintzeko.

De Rugyk bere dimisioaren berri eman du Asanblea Nazionaleko gobernuaren kontrolerako saioa hasi aurretik, eta oraindik erakunde horren eta Frantziako Gobernuaren ikerketen ondorioak kaleratu ez direnean.

Orain arte, diru publikoarekin egindako gastuen polemikak Nicole Klein kabineteko buruaren dimisioa behartu dute. Kleinek gizarte beharretarako etxebezitza bat erabili zuen Parisen, 2001 urtetik aurrera. Administrazioko goi karguduna zen ordurako. Gainera, etxebizitza hori mantendu zuen 2006tik 2018ra ere, Parisen bizi ez zen arren.

Dimisioa aurkeztu berri duenak kargua utzi zuen beste ministro bat ordezkatzeko izendatu zuten karguan. Nicolas Hulotek iazko abuztuan aurkeztu zuen dimisioa. Ekintzaile ekologistak uko egin zion gobernuan jarraitzeari, karguan zeraman urtebetean ez zuelako aurrerapenik lortu ekologiaren alorrean. "Urtebete gehiago eginda zerbait aurreratuko nuke, baina ez genuke lortuko gauzak aldatzea", adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.