Osasuna

Geldotzen ari da hiesaren aurkako borroka, NBEren arabera

2018ra arteko datuak biltzen dituen txosten bat argitaratu du Nazio Batuen Erakundeak. Datuen arabera, gaixoen kopuruak nabarmen egin du gora eskualde batzuetan. Gaixotasunari aurre egiteko aurrerakuntzak jasaten ari diren desazelerazioa azpimarratu dute.

Hiesaren prebentziorako kanpaina bateko irudia, Panaman. BIENVENIDO VELASCO / EFE
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 16a
20:54
Entzun

Urtero bezala, hiesaren inguruko txostena aurkeztu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Badira datu pozgarriak: esaterako, heriotza kasuen beherakada. Baina, oro har, gaixotasunaren aurkako aurrerakuntzak geldotzen ari direla ohartarazi du erakundeak. 2010. urteaz geroztik, gaixoen kopuruak nabarmen egin du gora eskualde batzuetan. Datuak "kezkagarriak" dira, batez ere Europa ekialdean eta Asia erdialdean (%29), Ekialde Ertainean eta Afrika iparraldean (%10) eta Latinoamerikan (%7).

Gaur egin dute txostenaren aurkezpena, Hegoafrikako komunitate txiki batean, Eshowen. Txostenean 2018. urtera arteko datuak bildu dituzte, eta, azaldu dutenez, ia 40 milioi dira gaur egun hiesa duten pertsonak. Horietatik, herenek soilik dute aukera gaixotasunari aurre egiteko eta antirretrobiralak lortzeko. Datuek diotenez, 2018an, 1,7 milioi izan ziren giza immunoeskasiaren birusaz kutsatu ziren pertsonak, hiesak abiaraziatako birusa, hain zuzen. Halaber, 770.000 pertsona hil ziren, hiesarekin erlazionatutako gaixotasunen ondorioz.

2010eko datuekin alderatuta, berriz, bestelakoak dira zifrak; %16 apaldu da kutsatze berrien kopurua. Denbora tarte berean, %33 jaitsi da hiesaren ondorioz hildakoen kopurua, eta haurdun zeuden emakume kutsatuen %82k gaixotasunari aurre egiteko tratamendua jaso zuten, hots, 2010ean baino %90 gehiagok. Hala, %41 jaitsi zen haur kutsatuen kopurua.

Hala ere, urtez urteko aurrerakuntzak geroz eta urriagoak direla nabarmendu du NBEk, eta "adi egoteko" eta "lanean jarraitzeko" deia egin du. Geldotze horrek, gainera, arriskuan jarri ditu 2020. urterako aurrez finkaturiko erronkak. Helburu horien arabera, 2019an, gaixoen %90ek beren egoeraren berri izan beharko lukete, diagnostikatuen %90ek antirretrobiralen terapia hartu beharko lukete, eta tratamendu hori jasoko luketenen %90ek ezabapen birala izan beharko lukete, birusak gaixoaren odolean duen presentzia nabarmen jaitsita.

Betetzetik urrun daude erronka horiek, baina nabarmentzekoa da gaixoen eta hildakoen kopuru orokorrak behera egin izana. Jaitsiera hori Afrika hegoaldean eta ekialdean antzeman da gehien, izan ere, mundu mailan gaixo gehien dauden inguruak dira oraindik. Horregatik egin dute bertan txostenaren aurkezpena, Eshowe bezalako komunitateen jarrera "eredugarria" dela nabarmentzeko, izan ere, 2020. urterako ezarritako helburuak bete dituzte.

Erakundeen jarrera, auzitan

"Lidergotza politikoa sendotzea ezinbestekoa da hiesarekin amaitzeko, premiazko neurria", adierazi du NBEk. Horretarako, oinarrizkotzat jo du "inbertsio egokiak" egitea eta "arrakasta izan duten herrialdeen" pausoak jarraitzea. Gainera, 2018. urtean gaixotasunaren aurkako borrokak jasan duen finantziazioaren gainbehera tamaldu du.

"Beharrezko baliabideen eta baliabide erabilgarrien arteko arrakala geroz eta handiagoa da" adierazi dute. Euren hitzetan, beherakada hori "modu harrigarri" batean gertatu da, eta lehenengo aldiz, "hiesaren aurkako erantzunaren menpeko baliabide globalak esanguratsuki egin zuten behera, 1.000 milioi dolar inguru, hain zuzen". Galera horren sakonean egongo lirateke, besteak beste, donatzaileek diru gutxiago jarri izana eta zifra horien beherakadararen aurrean inbertsio nazionalak nahikoa ez hazi izana.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.