Donostiako Aste Nagusia

Zazpi su etxek argituko dute Donostiako zerua

Su festaren lehiaketa abuztuaren 10etik 16ra izango da, Donostiako Aste Nagusian. 17an, berriz, ikuskizun piromusikala egingo dute

Gaur aurkeztu dute aurtengo lehiaketa, Donostiako Bigarren Mendeurenaren Balkoian. DONOSTIA FESTAK
June Romatet Ibarguren.
2019ko uztailaren 16a
20:58
Entzun

Kolorez beteko da Donostiako zerua berriz ere abuztuaren 10etik 17ra, Su Artifizialen 56. nazioarteko lehiaketan. Aurtengo kartela Flor argazkiarekin egin dute. Sonia Urreiztik egin zuen argazkia, joan den urteko argazki lehiaketaren irabazleak. Su festagatik antolatutako beste lehiaketa bat da argazki lehiaketa: argazki onena aukeratzen dute, eta irabazlea hurrengo urteko kartela izaten da.

Lehiaketa abuztuaren 10etik 16ra izango da, eta 17an ikuskizun piromusikala egingo dute. Arabako Valecea su-etxe taldea lehen eguneko ikuskizuna egitera. Hurrengo egunean, Ciels en Fete Frantziako taldea izango da, eta hirugarrenean Italiako Scarsella Fireworks taldea. 14an, Vulcano su etxea Madrildik Donostiara joango da ikuskizuna egitera, eta, egun bat geroago, Valentziako (Herrialde Katalanak) Gironina su etxea bertaratuko da. Seigarren egunean IP Innovative Pyrotechnic Alemaniako taldeak emango du ikuskizuna. Azkeneko egunean, 17an, azken bi urteetako irabazleak itxiko du lehiaketa, Castelloko (Herrialde Katalanak) Hermanos Caballer Pirotecnicos taldeak.

Aste Nagusiarekin amaitzeko, ikuskizun piromusikalaz Valentziako Ricasa Piroteknia taldea arduratuko da. Bertan musikaren doinua jarraituz egingo dute ikuskizuna. Musika hautatzeaz Donostia Musika arduratu da, eta pieza klasikoek osatuko dute ekitaldia: Preludio el Caserio, Nessum Dorma, Las Golondrinas, Barcelona, El Amor Brujo, Trishc Trasch polka eta Pomp And Circumnstance.

Lehiaketako epaimahaia hirutan banaturik egongo da. Lehen taldea epaimahai ofiziala izango da eta horrek Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko maskorrak emango ditu, baita hasiera ikusgarrienaren saria ere. Bigarren taldea gazteez osatutakoa izango da, eta garaikur bat emango dute. Azkenik, ikusleen saria ere izango da. Alderdi Ederreko eta Erlojuetako postuetan bozkatzeko aukera izango da, baita apparen bidez ere.

Bozkatzeaz gain, Erlojuetako postuetan haurrentzako ludotekak egongo dira, baita jokoak ere. Alderdi Ederren, aldiz, photocall bat jarriko dute. Jaietako aplikazioan, bozkatzeko aukeraz gain, eguneko egitaraua eta beste hainbat informazio izango da eskuragarri.

650.000 ikusle izan ziren gutxi gorabehera aurreko urteko Aste Nagusiko su lehiaketan, eta aurten zifrak berdintzea edo gora egitea espero dute antolatzaileek. Ikusleentzat eta hirian daudenentzat segurtasun neurriak bermatuko dituzte; besteak besta, material piroteknikoa egongo den lekua itxiz eta itsasoan egoten diren ontziak kontrolpean mantenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.