Enpresak

Eroskik jada sinatu du 1.500 milioi euroko zorra berregituratzeko akordioa

Martxoan lortutako ituna paperetan da jadanik, bankuekin sinatua. 1.500 milioi euroko pasiboa pagatzeko baldintzak jasotzen ditu agiriak.

Agustin Markaide Eroskiko presidentea eta Leire Mugerza Kontseilu Nagusiko presidentea. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2019ko uztailaren 17a
13:35
Entzun

Mondragon taldeko kooperatiba handienari datozen urteetarako arnasa emango dion berregituraketa sinatu dute Eroskik eta haren hartzekodun nagusiak diren bankuek, gaur. Martxoan lortu zuten 1.500 milioi euroko zorra berregituratzeko ituna, eta orduan jakinarazi zituzten baldintzak jaso ditu gaur sinatutako agiriak. Akordio horrek uztailaren 31n hartuko du indarraldia, eta, Eroskik berak esan duenez, "Eroskiren negozio planari bankuek emandako babesa erakusten du, 2024. urtera arte". Hartzekodunen %95,57 daude sinatzaileen artean. Gainontzeko hartzekodun txiki gehienak akordioari lotuko zaizkiola espero du Elorrioko enpresak.

Halaber, kooperatibak jakinarazi du zorraren berregituraketa itunari "homologazio judiziala" eman beharko zaiola akordioak jasotzen duen mamiak babes juridiko handiagoa izan dezan. Agustin Markaide presidenteak esan du "entitate finantzarioen konfiantzak" ahalbidetzen duela "negozio planak jasotako erronkei aurre egitea, finantza beharrak bermatuta daudela". Ituna iraungitzen denean, hau da, 2024. urtean, Eroskik "zor maila normala" izango duela erantsi du Markaidek, enpresak sortzen dituen funtsen aldean.

Desinbertsioaren bidea ez dago itxita

Horrekin batera, Eroskiko presidenteak garbi utzi du uztailaren 31 arte indarrean egongo den itunaren baldintzak zorrotz bete dituztela beti, eta dagoeneko 1.800 milioi euroko amortizazioa egin duela enpresak 2010etik gaur arte. Martxoan garbi esan zuen kooperatibak ez duela espero aktibo gehiago saldu behar izatea. Dena den,zorra itzultzeko bost urteko epea izango du Eroskik, eta lortzen dituzten mozkinetatik ordaindu beharko du, gainera. Baina behar besteko irabazirik izan ezean, desinbertsioaren bidea ez du baztertzen, akordioa lortu berritan Eroskiko iturriek BERRIAri aitortu ziotenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.