Zinema

'Parasite' izango da Perlak sailean lehiatuko den filmetako bat

'Les Misérables', 'We Missed You', 'Hors Normes', 'O que arde', 'Beanpole', 'Di jiu tian chang' eta 'Amazing Grace' ere sail horretarako hautatu dituzte.

Bong Joon Ho zinemagilea. GUILLAUME HORCAJUELO
Miren Garate.
2019ko uztailaren 17a
13:21
Entzun

Zinemaldiak gaur jakinarazi ditu Publikoaren Saria jasotzeko hautagai izango diren film batzuen izenak. Bong Joon Ho zinemagile hego korearraren Parasite da horietako bat, Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma eskuratu zuen pelikula. Familia aberats baten eta familia pobre baten arteko topaketa ardatz hartuta, erradiografia soziala egiten du lanak.

Cannesko zinemaldian sail ofizialean lehiatu ziren beste bi film ere hautatu dituzte: batetik, Les Misérables, Ladj Ly zuzendariaren lehen lan luzea, Paris kanpoaldeko auzoetako bizitza asaldatua kontatzen duena; bestetik, Ken Loachen We Missed You, lan prekaritatearen tranpei aurre egin behar dien familia bati buruzkoa.

Lehiaketatik kanpo, Frantziako zinemaldi hori itxi zuen Hors Normes ikusteko aukera ere izango da. Olivier Nakache eta Eric Toledano dira zuzendariak, eta autismoa duten umeentzako elkarte bat sortzen duten bi lagunen gorabeherak kontatzen ditu.

Cannesen, Un Certain Regard sailean aritu ziren, berriz, Oliver Laxen O que arde eta Kantemir Balagoven Beanpole. Horiek ere Perlak saileko zerrendan egongo dira. Azkenik, gaur iragarri dituzten beste bi filmak Berlinalen parte hartutakoak dira. Wang Xiaoshuai zuzendariaren Di jiu tian chang eta Alan Elliot eta Sydney Pollacken Amazing Grace.

Sail horretan izango diren gainerako filmen izenak hemendik aste batzuetara jakinaraziko ditu antolakuntzak. Perlak Sailak Hego Euskal Herrian eta Espainian estreinatu ez diren eta kritikak txalotu dituen edo beste nazioarteko zinema jaialdi batzuetan sariak jaso dituzten urteko film luzerik aipagarrienen aukeraketa biltzen du. Saria nori eman filmen emanaldietara bertaraturiko ikusleek erabakitzen dute, eta filma banatuko duen enpresarentzat izaten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.