LGTBI komunitatea

Harro plataformak manifestazio batera deitu du irailaren 21erako, Bilbo Europride-rako hautagai izatearen aurka

Jaialdia antolatzen duen erakundeak bilera bat egingo du Bilbon egun horietan, 2022rako hiria hautatzeko.

jarraia169002.jpg
Javi West Larrañaga.
2019ko uztailaren 17a
07:15
Entzun

European Pride Organisers Association-ek (EPOA) bilera bat egingo du Bilbon, irailaren 19tik 23ra arte, eta bertan erabakiko da 2022an zein hiri izango den egoitza. Harro Euskal Herrietako Transmaribibollo plataformaren ustez, Europride erakundeentzako “citymarketing ekintza” bat da. Diotenez, instituzioek LGTBI kolektiboa erabiltzen dute haien “hiri eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista” mozorrotzeko “zabalera eta tolerantziaz”.

“Neoliberalismoak” LGTBI kolektiboaren borroka “despolitizatu eta komertzializatu” nahi duela adierazi du Bea Macias Harro-ko kideak, eta, besteak beste, horri kontra egiteko sortu zela plataforma. Hala, EAJri egotzi dio ardura, eta “hiriak erakusleiho huts” bihurtu nahi dituztela leporatu die: “Ondo dakite turismoa estrategia gisa erabiltzen gutxi batzuk aberasteko”.

Kolektibokoek salatu dute urte luzez alboratu dituztenek orain negozioa egin nahi dutela beraiekin, “turismo gayfriendly-a” sustatuz. Amets Martinez de Heredita kideak deitoratu du horren atzean gizon homosexualen erosahalmen handia dagoela: “Nahiz eta LGTB aipatu, esan genezake gay, maskulinoa, zis eta zuriei egiten dietela erreferentzia”. Hori berresteko, Martinez de Hereditak Donostia eta Bilboko hotel LGTBI berrien kasua jarri du, eta adierazi du errealitatean transexualak ezingo direla haietara joan, euren datuen arabera %85a langabezian baitaude.

Plataformakoek salatu dute instituzioak borrokez jabetzen saiatzen direla maiz, haien interes politiko eta ekonomikoetarako, eta ziur aldarrikatu dute ez dutela onartuko beren kolektiboa “marka bihurtzea”. Bide beretik, Miarritzeko G7koen gailurraren aurkako giroa aprobetxatuz, “borroken arteko elkartasunera” deitu dute, eta manifestaziora arte iraungo duen atxikimendu kanpaina bat jarriko dute abian udan.

Europa osoko ekitaldia

1992tik ospatu da ia urtero Europako hiriburu eta hiri handietan, eta, LGTBI komunitatearen nazioarteko egunaz gain, hilabete inguru irauten duten ospakizun artistiko eta giza eskubideen aldarrikapenak izan ohi dira. Ez litzateke ohikoa izango Bilbo bezalako hiri bat aukeratzea, gehienetan hiri handiagoetara jo dutelako; esaterako, Erroma, Amsterdam, Londres eta Madril izan dira hainbatetan. 2022koa lehen aldiaren 30. urteurrena izango da, eta Bartzelona, Dublin, Belgrad, Maspalomas (Espainia) eta Portugalek (herrialde moduan) egin dute eskaria. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Bilbo ez da aurkeztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.