Euskal presoak

Hilaren 24an izango da Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko saioa

Euskal presoak ez du onartu 'herriko tabernen auziagatik' Espainiaratzeko eskaria. Familiak bisitarako baimena jaso du, bi hilabetera.

Josu Urrutikoetxea, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 17a
13:35
Entzun

Josu Urrutikoetxea ETAko kide historiko ohiak ez du onartu herriko tabernen auziarengatik Espainiaratua izatea. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak eman zuen haren kontrako euroagindua, 2005eko otsailaren 22an. ETAko kide izatea leporatu zion, eta bederatzi urteko espetxe zigorra jar diezaiokete egozten zaizkion delituengatik. Parisko Dei Auzitegiko aretoko presidenteak Espainiaratze eskaria onartzen al duen galdetuta, "ez, andrea" erantzun du Urrutikoetxeak.

Herriko tabernen auziarekin lotutako euroagindua Urrutikoetxeari jakinarazi dioten bigarrena da. Aurretik, beste euroagindu bat bidali zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziara. Lehenengo horretan, gizateriaren kontrako krimenak leporatzen dizkio Espainiak ETAko kide ohiari. Bi euroaginduak urriaren 16an aztertuko ditu Parisko Dei Auzitegiak.

Aurretik, baina, Parisko auzitegira itzuli beharko du Urrutikoetxeak. Datorren asteazkenean joango da berriro, hilaren 24an. Defentsa abokatuek euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskaria aurkeztu dute, eta eskaera hori aztertzeko saioa izango da. Ekainaren 19an Dei Auztegiko epaileek kontrol judizialpeko askatasuna eman zioten, baina artean kartzelan zela atxilotu egin zuen Poliziak, Espainiaren eskaera bat zela medio.

Bi euroaginduez gain, Espainiako justiziak Urrutikoetxea estraditatzeko bi eskari ere bidali ditu Frantziara. Bata, 1987an Zaragozako (Espainia) Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatuarengatik —11 lagun hil zituen ETAk–, eta, bestea, Luis Hergueta Michelingo zuzendaritzako kidearen hilketagatik —1980an izan zen atentatua, Gasteizen—. ETAko kide ohiaren seme Egoitz Urrutikoetxeak adierazi du ez duela inolako logikarik bere aitari Herguetarena leporatzea, ETA politiko-militarrak aldarrikatu zuelako, ez ETA militarrak.

Familiak jakinarazi du bisitarako baimena jaso duela, atxiloketa izan zenetik bi hilabetera. La Sante Parisko espetxean dago preso Josu Urrutikoetxea. Larriki gaixo dago, eta, atzeman zutenean, ebakuntza bat egitera zihoan, baina oraindik ez diote egin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.