Lehia

Bruselak 242 milioi euroko isuna jarri dio Qualcommi

Europako Batzordeak egotzi dio ez duela araudia bete Britainiako Icera multinazionala merkatutik kanporatzeko asmoz.

Margrethe Vestager Europako Lehia komisaria, gaur, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 18a
16:46
Entzun

Europako Batzordeak 242 milioiko zigorra ezarri dio AEBetako Qualcomm prozesadore ekoizleari. Bruselaren arabera, Qualcommek chipset-ak ekoizpen kostuen azpitik saldu zituen 2009 eta 2011 artean, Britainiako Icera multinazionala merkatutik kanporatzeko asmoz. Europako Batasuneko lehia araudiaren kontrakoa da hori egitea.

Margrethe Vestager EBko Lehia komisarioak azaldu du "oinarri bandako chipset-ak gailu mugikorrak Internetera konektatzeko ezinbesteko elementua" direla. Hori dela eta, Qualcommek beren chipset-ak ekoizpen kostuen azpitik saldu zizkien Txinako Huawei eta ZTE enpresei; "estrategikoki, bi bezero garrantzitsu", Vestagerren arabera.

Bruselak ondorioztatu du Qualcommen ekintzek lehiari kalte handiak eragin zizkiotela; izan ere, 2011ko maiatzean erosi zuen AEBetako Nvidia enpresak Icera, eta 2015ean oinarri bandako chipset-ak ekoizteari utzi zion. 2018an ere zigortu zuen Qualcomm EBk, eta 997 milioi euro ordaindu behar izan zituen merkatuan zuen posizioaz abusatzeagatik.

Ez da Europako Batzordeak aste honetan AEBetako enpresa baten aurka ekiten duen lehen aldia. Atzo bertan iragarri zuen Amazon multinazionala ikertzen hasia dela, "lehiarako erabil daitekeen informazio konfidentziala" biltzen eta erabiltzen duelako merkataritza elektronikoaren bidez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.