Confebask

Zubiaurre: "Enpresek ez badute era egonkor batean kontratatzen, testuinguru kaskarra dutelako izango da"

Eduardo Zubiaurrek gaur hartu du Confebaskeko presidente kargua, Roberto Larrañagari lekukoa hartuta. Lehen agerraldi publikoan ekonomiaren bilakaera positiboa nabarmendu du.

jarraia169043.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko uztailaren 18a
07:15
Entzun

Espero zen argazkia zen: Roberto Larrañaga eta Eduardo Zubiaurre elkarri bostekoa emanda, eta biak irribarretsu. Euren parean, argazkilari eta telebista kamerari andana momentua erretratatzen. Confebaskeko presidente izateari utzi dio batak, eta haren kargua hartu du besteak. Lekuko aldaketa irudikatu dute horrela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalaren konfederazioan. Larrañagak azken lau urteen balorazio positiboa egin du, ardura postuan sartu zenean “egoera ekonomikoa zaila baitzen”, eta, orain, seigarren urtez jarraian, hazkundean dago ekonomia.

Egoera hori nabarmendu nahi izan du Zubiaurrek Confebaskeko presidente gisa egin duen lehen agerraldi publikoan. “Euskadin susperraldi ekonomikoak erritmo onean jarraitzen du, eta, aurreikuspenak mantentzen baditugu, 2019an BPGa %2,5 igoko da, eta beste 14.000 afiliatu izango ditugu Gizarte Segurantzan”. Gaur egun, gainera, langile kopuruari dagokionez, 2008ko krisi ekonomikoa sortu zenetik maximo historikoan daude hiru lurraldeetan: 973.000 behargin daude, “errekor historikotik 9.500 langilera”.

Kontratu mota horiei buruz, gainera, mugagabeko kontratazioen kopurua inoiz baino handiagoa dela ere nabarmendu du Zubiaurrek, 537.000 langilek baitaukate era horretako kontratu bat. Hala ere, aste honetan bertan, Lan Harremanen Kontseiluak ohartarazpena egin du, eta esan Europako Batasuneko batezbestekotik gora dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako behin-behinekotasun tasa. Patronaleko buruak horri hau erantzun dio: “Badago behin-behinekotasuna, baina lortu dena baloratu behar da; lan sorrera igotzen ari da, eta hori baloratu beharra dago. Enpresek ez badute era egonkor batean kontratatzen, testuinguru kaskarra dutelako izango da”.

Ildo horretan, 2012ko lan erreformak enpresariei eman dien malgutasuna nabarmendu nahi izan du. Gaur egun, Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioetan erreforma hori bertan behera uztea aipatu izan da, eta ohartarazi du hori egitea kaltegarria izango litzatekeela enpresentzat, “testuinguruaren araberako malgutasuna eskaintzen dielako enpresei”. Gogora ekarri du, gainera, egungo susperraldi ekonomikoa lan erreforma horri esker iritsi dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.