Espainiako gobernuaren osaketa

Koalizio gobernua Sanchez babesteko baldintza izatearen alde bozkatu dute Podemosen oinarrien %70ek

Parte hartzea alderdiaren aurreko beste galdeketa batzuena baino apalagoa izan da. Militanteek bi aukeraren artean bozkatu dute: Sanchezen inbestidura babestea PSOEk Podemosekin koalizio gobernu bat adosten badu, ala koalizio gobernu bat adostu gabe ere Sanchezen izendapenari bide ematea.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, artxiboko irudi batean. LUCA PIERGIOVANNI, EFE
2019ko uztailaren 18a
07:08
Entzun

Podemosek ez du Pedro Sanchez PSOEko presidentegaia babestu behar datorren asteko inbestidura saioan, baldin eta PSOE Podemosekin koalizio gobernu bat eratzeko prest agertzen ez bada: jarrera horren alde mintzatu da Podemoseko oinarrien gehiengo zabal bat. Galdeketan parte hartu duten militanteen %70ek bozkatu dute aukera horren alde. Aldiz, %30 agertu dira prest Sanchezen hautagaitzari bide emateko —baiezko botoaren ala abstentzioaren bidez—, PSOEk Podemosekin koalizio gobernu bat eratzeari uko egingo balio ere. Nahikoa litzateke PSOEk eta Podemosek gobernu programa bat adostea eta Podemosek "gobernuaren menpeko maila administratiboetan" parte hartzea. Oinarriek lehen aukeraren alde egin dute. Zehazki, "betorik gabeko" koalizio "oso" baten alde bozkatu dute: "programen eta lantaldeen" koalizio baten alde. Gobernu horretan, alderdietako bakoitzak jaso dituen botoen araberako ordezkaritza proportzionala izatea ere jasotzen du bozketaren lehen aukerak.

Guztira, 138.488 militantek parte hartu dute galdeketan. Podemosek aurretik egin dituen beste bozketa batzuetan baino parte hartze apalagoa izan da. Esaterako, Pablo Iglesias alderdiko idazkari nagusiak eta Irene Montero diputatuak Podemosen jarraitu beharko luketen erabakitzeko bozketan 188.000 kidek bozkatu zuten.

Gaur bertan, Podemosen galdeketaren emaitzak oraindik ezagutzen ez zirela, Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak adierazi du une honetan ez direla "beharrezko baldintzak" betetzen Pablo Iglesias "gobernuko kide" izan dadin. Sanchezek hainbat arrazoi eman ditu baieztapen hori defendatzeko. Horien artean aipatu ditu PSOEk eta Podemosek Kataluniako prozesu subiranistari buruz dituzten ikuspegien arteko aldeak. Sanchezen esanetan, gobernuak ezin du halako gai batean gehienez ere "beste alde batera begiratu ala isilduko" den presidenteorde bat izan.

Datorren astelehenean hasiko da Sanchezen inbestidurarako eztabaida Espainiako Kongresuan. Asteartean egingo da lehenengo bozketa. Sanchezek gehiengo osoaren babesa beharko du orduan, presidente hautatua izateko. Babes nahikorik ez badu, ostegunean beste bozketa bat izango da, eta gehiengo soilaren babesarekin nahikoa izango luke presidente hautatua izateko. Ostegunean ere hautatua izateko nahikoa babes izango ez balu, berriro ere inbestidurarako hautagai aukezteko aukera izango luke irailean. Aldiz, bigarren aukera horri uko egingo balio edo ordurako akordiorik lortuko ez balu, hauteskundeetara deituko litzateke, azaroaren 10erako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.