Uholdeen ondorena

Eutsi nahiaren eta etsipenaren artean

Tafallan eta inguruko herrietan ez dituzte erraz ahaztuko joan den asteko uholdeak. Ohiko emaria dute ibaiek, berriz ere, baina oraindik ez da desagertu urak karrika, etxe eta lokaletan utzitako lokatzaren arrastoa. Lanean jarraitu dute herritarrek asteon.

Uholdeek eragindako kalteak ikusgai daude oraindik Tafallan. IDOIA ZABALETA, FOKU
edurne elizondo
2019ko uztailaren 19a
11:28
Entzun

Eguneroko errutinak hartu du Tafalla, berriz ere. Ez herri osoa, ordea. Uztailaren 8ko uholdeek gogorren jotako karriketan eguzkiak hauts bilakatutako lokatza nagusi zen, oraindik ere, aste hasieran. Euri erauntsiak hondatutako lokal anitzetan, aseguru konpentsazioen partzuergoko perituen zain ziren astelehenean, eta adituon bisita jaso zutenen artean, berriz, konfiantzarik eza agertzen zuten anitzek.

Kalean ez da bertze mintzagairik. "Urak eraman al dizu zerbait?", galdetu dio bizilagun batek zubi parean aurkitu duen lagunari. "Garaiz atera nuen autoa garajetik, zorionez!". Zubipean, hain zuzen, oraindik jaso gabe dago uholdeak Zidakosen ibilgura eramandako auto bat. Berea salbatu duen herritarrak aurrera jarraitu du. Zubiaren ondoko karriketan, lanean gelditu dira bertze anitz. Eutsi nahiaren eta etsipenaren artean.

Hilaren 8ko euri erauntsiak ezustean harrapatu zituen Tafalla aldeko herritarrak. Adituek iragarri zuten euri jasa handiak izanen zirela arratsalde horretan, baina Aemet Espainiako Meteorologia Agentziako Nafarroako arduradun Peio Oriak nabarmendu duenez, etorri zena ezin izan zuten aurreikusi.

Eguerdirako eman zuten abisu horia; 17:00etan, berriz, laranja. Sei orduan, 0,10 metrotik 5,75era igo zen uraren maila Zidakos ibaian. Ur emaririk handiena gauerdian izan zuen. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta jendeari etxean gelditzeko eskatu zieten agintariek. Atarrabiako 25 urteko gazte batek ezin izan zion uholdeari ihes egin, eta Ezporogi ondoan zendu zen, urak autoan harrapatuta.

Ur emariaren bat-bateko igoera handi horrek anitz erraten du hilaren 8an gertatu zenari buruz, Camino Jaso adituaren ustez. "Biescasen gertatutako uholdearen gisakoa izan da; Zidakosen ezker magaleko sakan guztiak buxatu zituen autobideak; ezker magal horretan egin zuen euri gehien, gainera; gure esku ditugun datuen arabera, ematen du zerbaitek atxiki zuela ura, ez bakarrik Zidakosen ibilguan, akaso bertze erreka batzuen ibilguetan ere bai".

Ibaien leheneratzean aditua da Jaso, bai eta Urbizi talde ekologistako kide ere. Elkarte horrek jasotako datuen eta argazkien arabera mintzatu da, baina argi utzi du Nafarroako Gobernuari dagokiola Tafalla aldean gertatu dena behar bezala azaltzea. "Gobernuak eskura ditu datu guztiak. Premiazkoa da datu horiek interpretatzea, eta herritarrei azaltzea zer eta zergatik gertatu den".

Erreportajea osorik irakurri nahi baduzu, joan Nafarroako Hitza-ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.