Zinema

Moriartikoen 'La trinchera infinita', Urrezko Maskorra lortzeko lehian

Goenaga, Garaño eta Arregiren lan berria Sail Ofizialean erakutsiko du Donostiako 67. Zinemaldiak, eta atal berean lehian izango dira Belen Funesen eta Alejandro Amenabarren azken filmak ere. Izibene Oñederraren Lursaguak eta Maddi Barberren Urpean lurra Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dituzte.

'La trinchera infinita' filmaren fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
itziar ugarte irizar
2019ko uztailaren 19a
12:56
Entzun

Irailaren 20an abiatuko da Donostiako Zinemaldia, eta, eguna gerturatu ahala, jaialdia osatuko duten filmen eta zinemagileen izenak iragarriz doaz antolatzaileak. Madrilen agerraldia egin dute, gaur goizean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak, eta han eman dute Sail Ofizialean lehian ariko diren filmen berri. Horien artean dago La trinchera infinita, Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendu duten lan berria. 36ko gerraren testuinguruan dago kokatuta pelikula: hura piztu zenean, errepresalien beldur etxean ezkutatu eta 33 urtetik gorako itxialdia bizi izan zuen bikotearen istorioa kontatzen du. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreak dira protagonistak.

Belen Funesek (Bartzelona, 1984) bere lehen film luzea erakutsiko du Sail Ofizialean: La hija de un ladrón. 22 urteko emakume bat du protagonista, Sara; seme txiki bat du, eta haren, anaia gaztearen eta espetxetik atera berri den aitaren artean agertuko da. Alejandro Amenabarrek (Santiago, Txile, 1972) Mientras dure la guerra aurkeztuko du Urrezko Maskorra lortzeko lehiara, 36ko gerran girotutako pelikula hau ere. Miguel Unamunori buruzko lana da —Karra Elejaldek interpretatu du—, idazleak altxamendu faxistaren aurrean hartu zuen jarrera jasotzen duena.

Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo, Daniel Sanchez Arevaloren (Madril, 1970) Diecisiete lana erakutsiko du aurten Zinemaldiak. Estreinakoz izango da Sanchez jaialdian, eta adingabeen zentro batean dagoen gazte baten (Biel Montoro) eta hark anaiarekin (Nacho Sanchez) duen harremanaren istorioa jasotzen du.

Emanaldi berezien atalean La odisea de los giles estreinatuko dute, Sebastian Borenszteinek (Buenos Aires, 1963) zuzendu duen filma. Un cuento chino (2011) eta Capitán Kóblic (2016) pelikulen egileak Eduardo Sancheri idazlearen eleberri batean (La noche de la Usina) oinarritu du lan berria, eta Argentinan 2001ean sortu zen krisian dago kokatuta, corralito izeneko hartan.

Barber eta Oñederra, Zabaltegin

Zuzendari Berriak sailak zinemagileen lehenengo eta bigarren lanak hartzen ditu, eta horien artean izango diren bi opera prima ere iragarri dituzte goizeko agerraldian: Maider Fernandez Iriarteren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi —Ikusmira Berriak programan garatutako proiektua da, eta Fernandezek garuneko paralisia duen 51 urteko gizon batekin duen harremana du ardatz— eta Lucia Alemanyren (Traiguera, Valentzia, 1985) La inocencia —Tarragonako herrixka batean uda igarotzen duen nerabe bat du protagonista—.

Zabaltegi-Tabakalera sailean ere izango da euskal zinemagileen lanik aurten: horien artean daude Izibene Oñederraren Lursaguak film laburra eta Maddi Barberren Urpean lurra film ertaina, Itoizko urtegiaren gatazkan girotua —Barberren 592 metroz goiti film laburra ikusi ahal izan zen iaz Zabaltegin—. Sail berean izango dira, halaber, Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada eta Justin Websterren El fiscal, la presidenta y el espía, sei ataleko telesaila.

Belodromoan antolatu ohi diren emanaldietan, Leticia Dolerak zuzendutako Vida perfecta telesaila osorik estreinatuko dute, "krisialdi bat" bizitzen ari diren hiru emakume helduren ingurukoa. La gallina Turuleca animaziozko filma ere leku horretan bertan erakutsiko dute, Victor Monigotek eta Eduardo Gondellek zuzendua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.