OSASUNA

Osakidetzan hilabete eta erdi itxaron behar da ebakuntza egiteko

Operazio eta proba kopurua areagotu egin da, eta gizartea zahartzearekin lotu dute hori. Odol emateak %8 gutxitu dira ekainera arte, eta kanpaina bat martxan da.

Txagorritxuko ospitalea. IHANA IRIONDO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 19a
18:16
Entzun

Gero eta ebakuntza eta proba mediko gehiago egiten dituzte Osakidetzan. Igoera agerian jarri dute aurtengo lehen sei hilabeteetako datuek: programatutako operazio kopurua %3 hazi da urtebetean, eta azterketa osagarriena, %5. Igoera orokorra da bi eremu horietan, baina batik bat bi arlotan: probetan, erresonantzia magnetikoan, eta ebakuntzetan, begikoetan. Gizartearen zahartzearekin lotu du gorakada hori Osakidetzak, eta nabarmendu du igoera hori izanik ere itxarote zerrendei eustea lortu duela; ebakuntza egiteko, batez beste hilabete eta erdi itxaron behar da, eta azterketa osagarriak egiteko, aste eta erdi. Sendagile espezialistarenean, hilabete ingurukoa da itxaronaldia.

Gorakada horien aldean, bada jaitsiera bat ere: mediku kontsultara jende gutxiago joan da. %3 jaitsi da familia medikuarengana jo dutenen kopurua, eta aldea handiagoa da pediatrian: %7koa. Kontuan izatekoa da jaiotze tasaren bilakaera, gero eta ume gutxiago jaiotzen dela. Batez beste, egunean 96.000 pazienteri ematen die zerbitzua Osakidetzak, ospitaleak eta osasun etxeak aintzat hartuta. Erietxeen kasuan, bada beste joera bat: egonaldiak motzagoak dira. Batez beste, bost egun.

Osasun zerbitzuak erabiltzeari dagokionez, azken urteetan indar handia egin dute larrialdien arloan: eskatu dute premiarik ez dagoenean ez jotzeko larrialdietara. Datuen bilakaera ona dela nabarmendu du Osakidetzak: batetik, osasun etxeetan jende gehiago artatzen ari direlako ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan baino; bestetik, jaitsi egin direlako «oso arintzat» jotako kasuak —edonola ere, larrialdien %7 dira oraindik—.

Odol emate gutxiago
Balantzean bada kontuan hartzeko datu bat: odol emateen kopurua %8 jaitsi da aurten, ekainera arte. Osakidetzak ohartarazi du udan odol premia handiagoa izaten dutela ospitaleetan, ohiko odol emaile asko oporretan-eta izaten direlako. Hain justu ere, emaileen kopurua handitzeko asmoarekin, kanpaina bat jarri dute martxan oraintsu: nabarmendu nahi dute odola emateak zer garrantzi duen osasun zerbitzuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.