Lan istripua

"Anoetako lanak azkar eta merke bukatu nahi dituzte, segurtasunaren gainetik"

Donostiako Anoeta Estadioko obretan jazotako lan istripua salatu du gehiengo sindikalak. Arriskutik kanpo dago langilea.

Gehiengo sindikala Anoeta estadioaren iparraldeko harmailaren aurrean, lan istripua salatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 19a
10:43
Entzun

Gehiengo sindikalak beharginen lan baldintza eskasei egotzi die asteazkenean Anoeta estadioaren obretan gertatu zen lan istripua. ELA sindikatuko Andoni Larralderen arabera, "lan istripuak ez dira kasualitate kontua, eta logika oso zehatz batekin lotzen dira: lehenesten dira etekin ekonomikoak langileen lan baldintzen gainetik". Gaur goizean, estadioaren iparraldeko harmaila eraikitzeko lanen aurrean egin dute agerraldia sindikatuek, ezbeharra gertatu zen tokian.

Lehenik eta behin, gertakariaren ikerketa sakon bat egiteko eskatu diete Larraldek eta LAB sindikatuko Lurdes Erasok Osalani eta Lan Ikuskaritzari, "argitzeko istripuaren arrazoiak eta egon litezkeen erantzukizunak". Hogei metrotik erori zen behargina, estadioaren estalkia jartzen ari zela; hautsi egin zen lotuta zegoen egitura. 51 urte ditu langileak, Valentziarra da, eta azpikontrata batekin zebilen beharrean. Jakinarazi dutenez, "arriskutik kanpo dago, baina lesio larriak ditu, eta suspertzeak luze joko du".

Gipuzkoako erakunde publikoen jarrera salatu dute sindikatuek. Adierazi dutenez, diru publikoarekin eraikitzen ari den azpiegitura batean "larria" da langileak prekaritate egoeran jardutea. ELAk zein LABek askotan salatu dituzte Anoeta estadioaren obretako ez-betetzeak: enpresek 200dik gora langileren dokumentazio faltsutua zuten, 250.000 euro baino gehiagoko isunak ordaindu behar izan dituzte, eta 4,5 milioi eurotik gorako zorra pilatu dute ordaindu gabeko soldatetan eta Gizarte Segurantzari pagatu gabeko kotizazioetan.

Larraldek langileen baldintzetan egin du azpimarra: "Gipuzkoan dirutza handiak gastatzen dira azpiegituretan, baina ez zaie begiratzen lanean ari direnen baldintzei". Erasok gaineratu du Anoetako lanetan hasieratik egin direla gauzak gaizki, lanen kontratuan izendatutako aurrekontuarekin ezinezkoa baitzen langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea.

Anoetakoa ez da sindikatuek Gipuzkoan salatu duten obra bakarra: "Gaur, Anoetaz ari gara, baina, lehen, izan ziren Musikene eta Tabakalera eraikitzeko lanak; aurten, hildakoak izan ditugu AHT eta AP-1 errepidearen lanetan, eta, bihar, Donostiako Metroaren obretan gerta daiteke ezbeharren bat".

Bi bozeramaileek babesa eta elkartasun osoa adierazi diete langile zaurituari, haren familiari eta lankideei. Argi utzi dute "mobilizatzen eta borrokan" jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.