Espainia

Iglesiasek uko egin dio gobernuko kide izateko baldintzari, eta PSOEri eskatu dio negoziazioei ekiteko

Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, berak ez du izan behar "ezkerreko koalizio gobernu bat" posible ez izateko "PSOEren aitzakia". Beto gehiago ez jartzea eskatu du. Espainiako hainbat hedabideren arabera, PSOEk erantzun du Sanchezek proposamenak entzungo dituela, baina hark aukeratuko dituela gobernuko kideak.

Pablo Iglesias Podemosek idazkari nagusia, balizko koalizio goernu batean parte hartzeari uko egiten diola jakinarazi duen bideoko irudi batean.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko uztailaren 19a
10:03
Entzun

PSOEk jarritako betoa onartzeko prest agertu da Pablo Iglesias. Alderdi sozialistaren eta Podemosen arteko koalizio gobernu bat sortzeko oztoporik handiena Iglesias gobernuko kide izateko baldintza zela adierazi zuen, atzo, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren presidentegaiak. Irene Montero Podemoseko diputatuak gaur erantzun dio Iglesias gobernuko kide izatea ez dela ezinbesteko baldintza bat bere alderdiarentzat. Monteroren hitzak berretsi ditu arratsaldean Iglesiasek. Adierazi du uko egiten diola balizko koalizio gobernu bateko kide izateari.

Iglesiasek bere Twitter kontuan eman du erabakiaren berri. "Ez dut PSOEren aitzakia izan behar ezkerreko koalizio gobernu bat egon ez dadin". Iglesiaren esanetan, bera "ministro kontseiluan egotea ala ez egotea ez da arazo izango". Bi baldintza ezarri ditu, odea: "beto gehiago" ez ezartzea —hau da, gobernu horretan ministro izango direnak Unidas Podemosek berak aukeratzea—, eta Unidas Podemosen parte hartzea hauteskundeetan jasotako "botoekiko proportzionala" izatea. Apirilaren 28 bozetan, PSEOeren botoen erdiak jaso zituen Unidas Podemosek —ia 7.500.000 PSOEk eta 3.700.000tik gora Unidas Podemosek—; aldiz, diputatuen herenak ditu Kongresuan —123 PSOEk eta 42 Unidas Podemosek—.

Erabakiaren berri eman dio dagoeneko Podemoseko buruak Sanchezi, eta alderdian agindua eman du PSOErekin harremanetan jarri eta "programa eta lantaldeak" bilduko dituen akordio bat lehenbailehen negoziatzen hasteko. "Espainiak ezkerreko gobernu bat behar du", adierazi du.

Iglesiasiek Sanchezen atzoko adierazpenei erantzun die gaur iragarritako erabakiarekin. La Sexta telebista katean egin zioten elkarrizketa Sanchezi, eta galdetu zioten Iglesias gobernutik kanpo geratuko balitz, PSOEren eta UPren arteko koalizio gobernu bat onartuko al lukeen. "Zalantzarik gabe", erantzun zuen jarduneko presidenteak.

Podemoseko burua gobernuan ez onartzeko argudioak ere eman zituen Sanchezek. Bata, "politikoa", eta bestea, "funtzionala". Arlo politikoan, Kataluniarekiko jarrerak sortzen ditu desadostasun gehien. "Espainian preso politikoak daudela entzun izan diot Iglesiasi", esan zuen Sanchezek. Ez du horrelakorik nahi gobernuan: "Espainiako demokrazia defendatuko duen presidenteorde bat behar dut". Arrazoi funtzionala azaltzeko, Errioxara jo zuen Sanchezek: "Iglesiasek ez du bermatzen bere alderdikoek hartzen dituzten erabakien gaineko ardura". Errioxako Podemosen diputatuak ez zuen PSOEren hautagaia babestu haren inbestidurarako saioan eta hura presidente izendatzea eragotzi zuen.

Espainiako hainbat hedabidek aurreratu dutenez, Iglesiasen mugimendua zuhurtziaz hartu du PSOEk. Alderdi sozialistako iturriak aipatuz, adierazi dute Sanchezek ministro arduretarako proposamenak entzungo dituela, eta hark erabakiko duela taldea. "Lehenengo programa eta gero gobernua" negoziatzearen alde mintzatu da PSOE. "Betorik eta inposiziorik gabe akordio batera heldu gaitezke", gaineratu dute.

Sanchezek astelehenean aurkeztuko du presidentetzarako bere hautagaitza Espainiako Kongresuan. Asteartean izango da inbestidurarako lehenengo bozketa, eta Sanchezek gehiengo osoaren babesa lortuko ez balu, ostegunean egingo litzateke bigarrena. Azken horretan, nahikoa luke baiezko boto gehiago jasotzea kontrakoak baino, presidente izendatua izateko. Babes hori ere lortu ezean, berriro ere inbestidurarako hautagai aukezteko aukera izango luke, irailean. Aldiz, berriro hautagai aurkezteari uko egingo balio edo ordurako akordiorik lortuko ez balu, hauteskundeetara deituko litzateke, eta azaroaren 10ean izango lirateke bozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.