Txirrindularitza

Elastiko horiak hegoak eman dizkio Alaphilipperi

Erlojupekoa irabazi du ezustekoa emanda, eta lehen postuari eutsi dio. Geraint Thomas baino hamalau segundo hobea izan da eta 1.24ra du orain.

Julian Alaphilippeaalegin betean, erlojupekoan. YOAN VALAT / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 19a
21:52
Entzun

Julian Alaphilippek (Quick Step) ez du elastiko horia erantzi nahi. Garesti salduko du, eta kendu nahi dionak gogotik egin beharko du izerdia. Espezialista petoa ez izan arren, erlojupekoa irabazi du, pronostiko guztiak hankaz gora jarriz. Geraint Thomas (Ineos) faborito handiaren marka hamalau segundoan hobetu du, eta orain 1.26 ateratzen dio sailkapen nagusian. Hirugarren, aldiz, Steven Kruiswijk (Jumbo) da 2.12ra. Oro har uste baino errenta txikiagoak egon dira.

Alaphilippek bere ibilbideko erlojupeko onena egin du. Elastiko horiak hegoak ematen dituela esaten da, eta hori egin du frantziarrak: hegan. “Ezin dut sinetsi”, onartu du amaieran Alaphilippek. Hasi eta buka izan da onena, berak lortu baititu denbora onenak mugarri guztietan. Thomasek ere lan txukuna egin du, baina ez da aski izan. Lan txukuna egin dutenen artean sartu behar dira Kruijswijk, 45 segundora (2.12ra nagusian), Rigoberto Uran 36ra (3.54ra nagusian); Thibault Pinot 49ra (3.22ra nagusian) eta Jakob Fuglsang 1.09ra.

Kaskarrago aritu dira, aldiz, Egan Bernal, 1.36ra (2.52ra nagusian); Nairo Quintana 1.51ra (3.55 nagusian) eta Adam Yates 2.08ra (3.55ra nagusian). Mikel Landari dagokionez, maila ona eman du. 1.45 galdu du Alaphilippekiko, eta berak onartu du oso ondo sumatu duela bere burua. Orain sei minutura dago sailkapen nagusian. Nabarmentzekoa, halaber, Wout Van Aertek (Jumbo) izandako istripua. Ibilbideko azken kilometroan bihurgune bat itxiegi hartu du eta hanka trabatu zaio hesi batzuen aurka. Zauri handia egin du izterrean eta proba utzi behar izan du. Anbulantzian eraman dute ospitalera.

Larunbateko etapa menditsua da, laburra eta gogorra, 117 kilometrokoa. Hiru mendi igo beharko dituzte, laugarren mailako bat, lehenengoko bat, eta berezi bat, Labatmale, Soulor eta Tourmalet. Etapa Tourmaleten bukatuko dute, hemeretzi kilometro eta 7,4%ko batez besteko pendizarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.