Indarkeria matxista

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Beasaingo bortxaketaren erasotzailea delakoan

Poliziak jakinarazi duenez, beste bortxaketa kasu batzuekin izan dezakeen lotura ere ikertzen ari da. Barakaldon (Bizkaia) beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo, hiru sexu eraso egitea egotzita.

Beasaingo bortxaketa salatzeko elkarretaratzea, uztailaren 14an, Beasainen. JAVIER ETXEZARRETA, FOKU
2019ko uztailaren 20a
20:25
Entzun

Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo, joan den uztailaren 13an Beasainen (Gipuzkoa) gertatu zen sexu erasoaren erantzulea dela iritzita. Gizon batek emakume bat bortxatu zuen 12tik 13rako gau hartan, lanera joateko bere etxetik irteten ari zela. Atxilotua epailearen esku utziko dute astelehenean.

Ertzaintzak uste du atxilotuak lotura izan dezakeela beste bortxaketa kasu batzuekin ere, eta aukera hori ikertzen ari da.

Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak adierazi duenez, biktimak eta senideek "lasaitua" hartu dute atxiloketarekin. Azaldu duenez, Beasaingo eta Ordiziako (Gipuzkoa) udaltzainek ere parte hartu dute,  Ertzaintzarekin batera, atxiloketa posible egin duen ikerketan.

Alkateak gaineratu du, zabaldu diren zenbait informaziok ziotenaren kontra, gizonezko atxilotua ez dela biktimaren bizilaguna.

Beasaingo bortxaketak erakundeen eta herritarren gaitzespena jaso zuen erasoaren berri izan eta berehala.

Elkarretaratzea Barakaldon

Ertzaintzak beste gizonezko bat atxilotu zuen atzo Barakaldon, hiru sexu eraso egitea leporatuta. Atxilotuak 24 urte ditu. Egozten zaizkion erasoetako bi atzo eguerdian gertatu ziren. Goizean utzi dute epailearen esku, eta epaileak baldintzapean aske utzi du arratsaldean.

Barakaldoko Udalak erasoak gaitzetsi ditu, adierazpen bidez. Barakaldoko Erasoen Kontrako Taldeak ere salatu egin du erasoa, eta elkarretaratze batera deitu du gaur arratsalderako. Talde hori mugimendu feministak, LGTBIQ+ mugimenduak eta udaleko Herritarren Segurtasun eta Kultura arloak osatzen dute. 18:00etan izango da mobilizazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.