Indarkeria matxista

Beste lau eraso ere egotzi dizkiote Beasaingo bortxaketagatik atxilotu zutenari

Espetxean sartzeko agindua eman du epaileak; Martuteneko kartzelara eraman dute

Ostegunean izandako sexu erasoaren kontrako elkarretaratzea, gaur, Donostian. EMAKUNDE
2019ko uztailaren 22a
07:23
Entzun

Joan den uztailaren 13an Beasainen (Gipuzkoa) gertatu zen bortxaketarekin lotuta, Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen ostiralean, eta epaileak gizon hori kartzelan sartzeko agindu du. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, gizonezkoa Lazkaon (Gipuzkoa) atxilotu zuten, eta 34 urtekoa da.

Ertzainek berehala hartu zuten susmoa atxilotua bortxaketa kasu gehiagoren erantzule ere izan ote zitekeen, eta gaur baieztatu dute epailearen aurrera eraman dutela, beste lau bortxaketa leporatuta. 2012tik honako kasuak dira, Gipuzkoan gertatuak denak: Lasarte-Orian, Tolosan, Anoetan eta Andoainen.

Larunbatean, Ertzaintzak beste gizonezko bat atxilotu zuen Barakaldon (Bizkaia). Hiru sexu eraso egozten dizkio Poliziak. Gaur, Barakaldoko Udalak igande gauean gertatutako sexu eraso bat ere salatu du, eta, mugimendu feministarekin batera, elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako (18:00).

Eraso bat Donostian

Emakume batek sexu eraso bat jasan duela salatu du Donostian. Erasoa joan den ostegunetik ostiralerako gauean gertatu zen, hiriko Antigua auzoan; Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta erasotzailearen bila ari da.

Donostiako Udalak erasoa salatu du adierazpen batean, eta elkarretaratzera deitu du gaur eguerdirako, udal talde guztien babesarekin. Udaletxe parean egin dute elkarretaratzea. Udalak babesa agertu dio biktimari, eta haren esku jarri ditu udal zerbitzu eta baliabideak; besteak beste, "arreta eta laguntza juridikoa, soziala eta psikologikoa".

Udalaren esanetan, halakoak gertatzen direnean arbuioa besterik ezin da erakutsi:  "Gisa horretako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenik gaitzesgarrienak dira, eta udal honek irmoki arbuiatzen ditu. Beharrezkoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritutako balioak lantzen jarraitzea hezkuntzaren bidez, eta beharrezkoa da nabarmentzea egunez egun esku hartu behar dela gisa horretako portaerak bultzatzen dituzten faktoreetan". Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du gaitzespenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.