Espainiako Gobernuaren osaketa

Sanchezek "aurrera" egiten uzteko eskatu die gainontzeko alderdiei

Espainiako jarduneko presidentearen esanetan, herritarrek bozetan adierazi dute gobernu "aurrerakoi" bat nahi dutela. "Orain zera dago jokoan, ea gobernurik baden ala ez". Gobernua eratzeko oztoporik ez jartzeko eskatu die gainerako alderdiei. EAJk eta EH Bilduk leporatu diote ez aipatu izana lurraldetasunaren auzia.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren presidentegaia, gaur, Espainiako Kongresuan, inbestidura saioko hitzaldia egin ostean. BALLESTEROS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Hodei Iruretagoiena
2019ko uztailaren 22a
21:10
Entzun

Gaur, Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidente eta PSOEren presidentegaiak gobernu programa azaltzera bideratu du inbestidura saioko hitzaldi ia osoa. Programaren ardatzak aletu ditu, arloz arlo, baina batez ere gobernua osatzeko beharraz ohartarazi du. Haren esanetan, orain jokoan dagoena ez da ezkerreko ala eskuineko gobenu bat izango den. Izan ere, herritarrek bozetan gobernu "aurrerakoi" bat nahi zutela erabaki zuten, haren hitzetan; jokoan dagoena da argitzea ea "gobernurik baden ala ez". Nabarmendu du gobernu bat eratzea funtsezkoa dela Espainiak "aurrera" egin dezan eta lehenbailehen hel diezaien dauzkan erronkei. Sanchezek ez dio aipamenik egin Kataluniako prozesu subiranistari; ERCko diputatuek ganberara eraman dituzten lore horiak izan dira gatazka politiko horri lotutako keinu bakarrak. EAJk eta EH Bilduk Sanchezi leporatu diote ez aipatu izana lurraldetasunaren auzia.

Sanchezek "ardura", "eskuzabaltasuna" eta "konfiantza" eskatu dizkie gainerako alderdiei, bere inbestidurari oztoporik jar ez diezaioten eta gobernu berri bat eratzeko modua izan dezan. Ziurtatu duenez, herritarrek berak gidatutako gobernuaren alde bozkatu dute. "Aurrera egitea, eta ez atzera", horixe da gizartearen nahia, Sanchezen iritziz. Izan ere, salatu du eskuineko alderdiek atzerapausoak eman nahi dituztela hainbat arlotan. Atzera eskubide eta askatasunetan, lurralde ereduan eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan. Sanchezek PPri eta Ciudadanosi leporatu die ultraeskuinarekin bat egitea eta Espainiaren "egonkortasun politikoa" arriskuan jartzea. "Colon plazako argazkia erakundetu duzue", zuzendu zaie.

Unidas Podemosi ere mintzatu zaio hitzaldiaren amaieran. Bereziki eskertu du haren elkarrizketarako borondatea. Onartu du akordioa lortzeko zailtasunak izan dituztela, baina, gaineratu duenez, "merezi duen ezer ez da lortzen zailtasunik gabe". Sanchezek nabarmendu du akordioa lortzeko ardura dutela, herritarrek hala eskatzen dietelako PSOEri eta Unidas Podemosi. "Batzen gaituen horretan guztian egin dezakegu aurrera". Bi oinarri aipatu ditu: garapen jasangarria eta justizia soziala.

Hain zuzen, Sanchezek bi ardatz horien inguruan eraiki du bere gobernu programaren aurkezpena. Lehentasunezko sei erronka zerrendatu ditu: enplegu duina eta pentsio sistema publikoa, iraultza digitala, larrialdi klimatikoa, genero berdintasuna, desberdintasun sozialak eta EB Europako Batasunaren proiektua sendotzea.

Lurraldetasuna, zeharka baino ez

Ez du lurralde eredua aipatu lehentasun horien artean. Zeharkako aipamen bat egin du sei puntu horiek aurkeztu dituenean. Adierazi du ez duela zentzurik estatu barruan muga gehiago eraiki nahi izatea, Europako proiektuan sakontzea beharrezko denean: "Historiaren aurka joatea da". Gainontzean, lurralde ereduari egin dizkion aipamenek ez dute inolako zerikusirik izan Kataluniako prozesu subiranistarekin, ezta EAErako estatus politiko berri bat onartzeko aukerarekin ere. Lurraldeen arteko "desorekak" gainditzeko azpiegitura inbertsioak iragarri ditu, eta hitzeman du elkarrizketa sustatuko duela erkidegoen finantziazio itun baterako. Ez besterik.

EAJk eta EH Bilduk horixe leporatu diote eguerdiko etenaldian egindako adierazpenetan. Aitor Esteban bozeramaile jeltzalea, esaterako, "harrituta" agertu da Sanchezek ez duelako Katalunia aipatu, eta gogora ekarri du beharrezko duela independentista katalanen abstentzioa: "Sentsazioa izan dut PSOEren ideia aletzen ari zela, baina ez Podemosekin egin beharreko akordioa". EH Bilduko Mertxe Aizpuruak ere leporatu dio Sanchezi Kataluniako prozesua aipatu ez izana: "Beste alde batera begiratu du, eta entzungor egin dio errealitateari".

Sei lehentasuneko zerrendari dagokienez, hainbat proposamen egin ditu presidentegaiak. Enpleguaren eta pentsioen alorrean, langileen estatutu berri bat proposatu du, autonomoek beren "egiazko diru sarreren arabera" kotizatzea, "hezkuntza eskubidea bizitza osorako" onartzea, pentsioen eguneraketa KPIra lotzea eta horien finantzaketarako "formula berriak" bilatzea.

Iraultza digitalarekin lotuta, I+G+Bra bideratutako diru kopurua handitzea proposatu du, eta finantziazioa BGPren %2koa izatea. Antzeko neurri bat proposatu du Hezkuntza, Kultura eta Zientzia arloetarako ere. Kasu horretan, gutxienez BPGren %5 bideratzeko konpromisoa adierazi du.

Larrialdi klimatikoari aurre egiteko, Klima Aldaketarako eta Trantsizio Energetikorako legea iragarri du.

Emakumeen eta gizonezkoen berdintasuna lortze aldera, soldata arrakala murrizteko eta kontziliaziorako neurriak aipatu ditu. Etxeko langileen egoera arautzeko legea proposatu du, baita familia eredu desberdinen egoera aintzat hartuko duen Familen legea ere. "Familiak, pluralean", nabarmendu du. Horrez gain, delitu sexualen tipifikazioa aldatzeko borondatea agertu du: "Bortxaketa bat bortxaketa bat delako".

Desberdintasun sozialen kontrako neurrien artean proposatu du gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60arekin parekatzea agintaldi amaierarako, haurren kontrako itun bat adostea eta alokairuaren merkatzea sustatzea.

EBren proiektuan sakontzearen aldeko defentsa egin du, bestalde. Adierazi du EBri esker posible dela estatuentzat bakarka handiegiak diren erronkei heltzea, eta Espainiak proiektu hori sendotzearen alde egin behar duela. EB helburu duen migrazio korrontea era egokian kudeatzeko, ezinbesteko jo du "Europako asilo bateratu" bat eratzea. Baita "legez kanpoko migrazioaren aurka" jardutea ere.

Lehentasunezko sei erronka horiez gain, Sanchez eskubide berriak onartzearen eta beste batzuk indartzearen alde mintzatu da. Hala, mozal legea delakoa indargabetzera konprometitu da, eutanasia arautzeko lege proposamena aurkeztera eta "eskubide digitalak" babestuko dituen lege bat proposatzera. Horrez gain, ustelkeria kasuak salatzen dituzten babeserako legea ere iragarri du eta politikarien foru izaerarekin amaitzeko asmoa agertu du. Memoria historikoaren alorrean, altxamendu faxistaren eta Francoren diktaduraren biktimak aitortzeko urrats gehiago hitzeman ditu. Sanchezen iritziz, estatuak bere gain hartu behar du biktimen egia, justizia eta ordainerako eskubidea bermatzeko ardura. Gogorarazi du Espainia desagertu gehien dituen munduko bigarren herrialdea dela. "Ezin dugu beste alde batera begiratu".

Kongresuak saioa eten du Sanchezen hitzaldiaren ondoren, eta 16:00etan hasi da taldeen txanda. Ordezkaritza handienetik txikienera egingo dute hitzaldia talde bakoitzeko bozeramaileek.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.