Donostiako Aste Nagusia

Realeko neskek kantatuko dute 'Artillero'

Realeko futbol eta hockey jokalari neskak izango dira Donostiako Aste Nagusiko kanoikadako protagonistak aurten. Abuztuaren 10etik 17ra izango dira festak.

Gaurko aurkezpena. DONOSTIA KULTURA
2019ko uztailaren 22a
11:35
Entzun

Aurten lortutako garaipenen harira, Realeko neskek kantatuko dute festen hasierako kanoikadan. Jon Insausti festa jardueretako zinegotziak gaur aurkeztu ditu festen nondik norakoak, eta Nahikari Garcia eta Nuria Mendoza Realeko futbolariak eta Maider Altuna hockey jokalaria ere bertan izan dira gonbidatu gisa. Abuztuaren 10ean kanoikadarekin emango diote hasiera Aste Nagusiari, eta 17ra arte izango da festa giroa.

Egitarau oparoa prestatu du Donostiako udalak zazpi egunetarako, eta berrikuntzaren bat edo beste ere izango da aurten. Munduko txoko askotara iritsi den Holi fest batek kolorez margotuko du Bulebarra, abuztuaren 10ean, kanoikadaren ondoren. Abuztuaren 14an, Tosta Bandaren emanaldia izango da Konstituzio plazan, 23:30ean. Hizkuntza gutxituen hiztunez osatutako bandak, musikari eta dantzari euskaldunak, eskoziarrak, galiziarrak, galestarrak eta frisiarrak batuko ditu, eta herrialde bakoitzeko tradizio aberatsak izango dira ikusgai.

Bigarren eskuko Merkadabadilloa azoka egingo dute biharamunean Zurriola eta inguruetan, goizetik iluntzera arte, eta Mariatxi kalejira eta Los 5 bilbaĆ­nos-en bilbainada emanaldiak izango dira entzungai hurrengo bi egunetan.

Abuztuaren 10ean, Irungo (Gipuzkoa) erraldoiak Donostiakoekin batera ibiliko dira auzoz auzo kalejiran, eta, arratsaldean, erakusketa izango da historia luzeko erraldoiak ezagutzeko. Artista emakumeek ere izango dute euren lekutxoa jai hauetan; Kontxako pasealekuan egunero erakutsiko dituzte Kultur Alternatiboa emakume taldearen artelanak, eta tailerrak ere egingo dituzte. Berrikuntza horiez gainera, merkatuak, su festak, musika emanaldiak, erraldoi konpartsen kalejirak, feriak, kirol jarduerak, erakusketak, lehiaketak, antzerkiak eta askoz gehiago izango dira zazpi egunetan.

Aste Nagusiko barraketan ere berrikuntzak izango dira. Autismoa dutenengan pentsatuta, zaratarik gabeko lau ordu egingo dituzte: abuztuaren 9an (atrakzioak prezio murriztuan dauden eguna), 17:00etatik 19:00etara eta abuztuaren 13an 17:00etatik 19:00etara. Bestalde, musika sexistarik ez da entzungo Pasealeku Berrian instalatuko den ferian, eta, aurreko urteko arrakastaren ondoren, aurten ere noria ipiniko dute. Bisitarientzako erakargarriagoa eta bereziagoa izango delakoan, baina, Pasealeku Berritik Alderdi Ederrera lekualdatuko dute aurten.

Insaustik, eta baita Garcia, Mendoza eta Altunak ere, errespetuzko jai eredu jasangarri eta seguruaren aldeko aldarria adierazi dute. Errespetua eskatu dute jai hauek aurrera ateratzeko ezinbestekoak izaten diren langile guztientzat, eta azpimarratu dute eraso sexistarik edota jarrera txarrik ez dela onartuko. Eraso matxisten kontra, Baietzik gabe, ezetz da! kanpaina izango dute martxan festetako zazpi egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.