Euskal Herria eta Irlanda, dantzen arteko "lehiaren" besarkada

Izugarrizko arrakasta izan du Oinak Arin eta Gahery School of Dancing dantza taldeen arteko "lehia" bereziak. Hilaren 16an izan zen. Geroztik, hainbat erabiltzailek elkarbanatu dute sare sozialetan.

Nagore Arin.
2019ko uztailaren 22a
11:42
Entzun

Sarean puri-purian dabil, hiru minutu pasatxo irauten du, 15.000 bat aldiz  elkarbanatu da, eta ikustaldiak gorantz doaz etengabe. Euskal Herria eta Irlanda, tokian tokiko dantza tradizionalek bat eginda. Oinak Arin eta Gahery School of Dancing dantza taldeetako dantzariak dira azken egunotan izugarrizko arrakasta lortu duen bideo horretan ageri direnak. Bi ilaratan zuzen, batak besteari desafio.

Bideoak Facebook sare sozialean ikusi zuen argia lehenengoz. Oinak Arin (Beskoitze, Lapurdi) dantza taldeak argitaratu zuen, uztailaren 16an. Bi egun ondoren, Vamonos France eta Terre et Cote Basques profilek elkarbanatu zuten. Ordutik, alde batetik bestera hedatu da bi dantza taldeen arteko "lehia". Bi argitalpenen artean, 765.000 ikustaldi baino gehiago lortu ditu dantzaldiak, eta zifra handituz doa minutuak pasatu ahala. Gauza bera gertatzen ari da iruzkin eta elkarbanatze kopuruarekin ere. Ikustaldi eta elkarbanatze gehien batu duen argitalpena Vamonos France orrialdean argitaratua izan da. Honela zioen mezuak: "Bi dantza talde, bat euskalduna, bestea irlandarra, elkartzen direnean, hauxe gertatzen dena".

Arrakasta izan duen honez gain, antzerako bideo gehiago igo zituen talde lapurtarrak hilaren 16an, iluntzean egingo zuten bi dantza taldeen arteko "lehia" aipatuz. "Battle [bataila] ttipi bat irlandesen kontra, ezagutza bikainak" zioen lehen mezuak, handik ordu batzuetara Montecatiniko plazan egingo zuten zuzenekoa iragartzeko. Egin zuten "lehia", bi ilaratan jarri eta talde bakoitzak bere onena erakutsiz. Bataila moduan izendatu zuten jarduna, batak besteari erantzuten baitzion dantzan ari zirela, talde bakoitzak segundo batzuetako ikustaldia eginez. "Gau zoragarria dantzari miragarriekin" idatzi zuten amaitzean Oinak Arin taldeko kideek.

Herritarrak inguratu zituen dantzaldi bereziak; ez zuten espero, ordea, gerora izan duten arrakasta. Honela mintzo ziren Vamonos France profilak plazaratu zuen argitalpenak 130.000 ikustaldi lortu zituenean: "130.000 ikustaldi gainditu ditugu. Mila esker berriz ere irlandarrei horrelako momentu miragarriak elkarrekin partekatzeagatik". Orain, baina, 765.000 ikustaldi baino gehiago ditu duela bi egun 130.000 zituenak. Ikusiko da norainoko bidea egiten duen bi dantza taldeen arteko "lehiak". Bitartean, "lehia" horren azpian, besarkatzen jarraituko dute Euskal Herriko eta Irlandako dantza tradizionalek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.