Errefuxiatuak

Turkiak dio bertan behera utzi dutela errefuxiatuen harira EBrekin duten akordioa

Turkiako Atzerri ministroak egin du iragarpena elkarrizketa batean, eta argudiatu du Turkiari jarritako zigorrengatik hartu dutela erabakia. 2016an sinatu zuten akordio hori, errefuxiatuei EBn sartzea oztopatzeko.

Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroa —eskuinean—, ekainean Frantziako Atzerri ministro Jean-Yves Le Drianekin egindako bilera batean. CEM OZDEL / TURKIAKO GOBERNUA
Hodei Iruretagoiena.
2019ko uztailaren 22a
07:19
Entzun

Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak egin du iragarpena, edo mehatxua; ikusteko dago zer ondorio izango dituen. TGRT irratian egindako elkarrizketa batean, Çavusogluk esan du Turkiak bertan behera utzi duela errefuxiatuen inguruan Europako Batasunarekin egindako akordioa. 2016ko martxoan sinatu zuten akordio hori —apirilean sartu zen indarrean—, errefuxiatuei EBn sartzea oztopatzeko. Atzerri ministroak argudiatu duenez, Zipre iparraldeko gas-prospekzioengatik EBk Turkiari jarritako zigorrak eta turkiarrei EBn sartzeko bisak eskatzen jarraitzea lirateke horretarako arrazoiak.

Erabakia gauzatu ala ez, EBri presio egiteko bide bat izan daiteke iragarpena. Halaxe iradoki zuen, joan den larunbtean, Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak: "Agerikoa da EBk bakarrik utzi gaituela gai honetan. Ez du balio bizkarrean kolpetxoak ematea. Turkiak ez balitu hain neurri erabakigarriak hartu, Europan ez zuen sei hilabete iraungo gobernu bakar batek ere. Nahi baduzue, proba dezakegu".

2015eko udan, nagusiki Siriako gerrak eraginda, nabarmen igo zen EBn sartu nahi zuten errefuxiatuen kopurua. 2016ko martxoan egindako akordioaren bidez, errefuxiatu gehienek erabilitako bide nagusia Turkiatik Greziarakoa denez, EBko agintariek erabaki zuten Ankararekin akordio bat egitea, hark bidea oztopa diezaien. 6.000 milioi euroko "laguntzaren" truke egin zuten tratu hori. Gainera, Turkiako kostatik Greziara joandakoak berriz hartzea ere adostu zuten.

6.000 milioi euroak ez ezik, turkiarrei EBn sartzeko bisak bertan behera uzteko negoziazioak izan ziren mahai gainean. EBk hitzeman zuen kendu egingo zituztela, baina Turkiako Atzerri ministroak argudiatu du oraindik ez dutela halakorik egin. Hala esan du TGRTko elkarrizketan: "Errefuxiatuak berriz onartzeko akordioa eta bisak bertan behera uztea batera jarri behar ziren indarrean. Bertan behera utzi dugu errefuxiatuak berriz hartzeko akordioa". Zipreko gas-prospekzioen inguruan, berriz, "bitartekari" lana egiteko eskatu dio EBri Çavusogluk, "Zipreren alde" jarri beharrean.

2016tik, kritika ugari jaso dituzte akordioaren sinatzaileek; NBEk berak zalantzak agertu izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.