Kanpo-merkataritza

Esportazioek %9,9 egin dute gora

Inportazioak ere %10,1 handitu dira maiatzean. Urteko lehen bost hilabeteetan, kanpo merkataritzak 2.000 milioi euro baino gehiagoko saldo positiboa izan du, Eustatek argitaratutako datuen arabera.

Bilboko Portua, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 23a
07:46
Entzun

Esportazioek %9,9 egin dute gora maiatzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2018ko hilabete berarekin alderatuz. Gainera, datuakgarrantzi berezia du kontuan izanez gero ondasun energetikoen esportazioa %24,9 jaitsi dela, hein handi batean Petronorrek egindako geldialdien ondorioz. Ondasun ez-energetikoen esportazioaren hazkundeak, bereziki Gipuzkoan —%31,2 hazi dira bertan—, posible egin du zenbakiek hazten jarraitzea. 2.440 milioi euroko zenbatekoa izan dute esportazioek 2019ko maiatzean, aurreko urtean baino 221 milioi gehiago.

Eustatek esportazio jardueren motak ere aztertu ditu, argitaratu dituen datuetan. Behera egin duten esportazioen artean zenbait sektore garrantzitsu daude, hala nola automobilak, siderurgia —nagusiki Araban jaitsi da—, erabilera orokorreko makineria eta, bereziki, kokeak eta petrolioa fintzea; azken hori %52,3 apaldu da 2018ko maiatzarekin alderatuz. Beste aldean, bi dira izugarri hazi diren esportazioak: artikulu metalikoak (%18,7) eta bestelako garraiorako materiala (%152,2); azken hori, Gipuzkoan.

Produktu horien bezero nagusiak Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Italia dira, ia guztiak Europako Batasuneko kideak; %66,2 hara esportatu da.

Ez dira esportazioak soilik handitu. Inportazioek ere ia hazkunde bera izan dute (%10,1), eta 1.903 milioitan kokatu dira. Deigarria da zer ezberdinak diren datuak herrialde batetik bestera: Bizkaian eta Gipuzkoan, inportazioak %18 eta %11,9 hazi dira; Araban, berriz, %9,9 murriztu.

Guztira jasotzen diren produktu inportatuen ia laurdenak biltzen ditu erauzketa eta petrolio industriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore garrantzitsuen artean, ordea, aipatutako hori izan da inportazioak igo dituen bakarra (%12,1): behera egin dute siderurgia produktuek (-%2,6), motor ibilgailuek (-%8,5) eta erabilera orokorreko makineriak (-%3,6).

Datuek argi utzi dute goranzko joera duela ondasunen kanpo merkataritzak EAEn. Horren erakusle da 2019ko lehen bost hilabeteetan 2.049 milioi euroko saldo positiboa eduki izana; esportazioen zenbatekoa 10.845,7 milioi euro izan da, eta inportazioena, berriz, 8.796,9 milioi euro.

Industria prezioak, behera

Kanpo merkataritzarena ez da Eustatek plazaratu duen ikerketa bakarra, industria prezioen inguruko ekaineko datuak ere argitaratu baititu estatistika erakunde horrek. Ondoriozta daitekeenez, industria prezioek zuten goranzko joera apurtu egin da ekainean: maiatzarekin alderatuz %0,5 jaitsi dira, nahiz eta duela urtebete baino %1,2 handiagoak izan.

Azken urtean prezioen gorakada handienak izan dituzten adarrak dira energia elektrikoak, gasak, lurrunak eta aire girotuak (%9,8), industria kimikoak (%2,8) eta material eta ekipo elektrikoak (%2,5). Prezioak gehien murriztu dituztenak izan dira, berriz, ehungintza, larrugintza eta oinetakogintza (-%4,4), kokeriak eta petrolio fintzea (-%2,3) eta metalurgia eta produktu metalikoak (-%1,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.