Aurkikuntza

'Minerve' urpekoa aurkitu dute, arrastoa galdu eta mende erdira

1968. urtean hondoratu zen Minerve urpekoa, Frantziako Tolon hiritik abiatu eta minutu gutxira. Arrastoa galdu eta 51 urteren ondoren, urpekoa aurkitu dute, kostaldetik 45 kilometrora. Itsasontzian zihoazen bidaiarien senideek hala eskatuta berrabiarazi zuen Frantziako Gobernuak urpekoaren bilaketa. Hala ere, ez da argitu hondoratzearen misterioa.

'Minerve' urpekoaren aurkikuntza lanetan aritu diren ontziak. FRANTZIAKO DEFENTSA MINISTERIOA.
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 23a
10:33
Entzun

Urtarrila zen. Haizea gogor zebilen, eta itsasoa haserre zegoen. Frantzia hegoaldeko Tolon hiritik abiatu zen urpekoa, 52 eskifaia kiderekin batera. Abiatu eta minutu gutxira, ordea, hondoratu egin zen, eta Mediterraneoaren azaletan barrena desagertzu. Mende erdiren ondoren, urpekoaren arrastoak aurkitu dituzte, kostaldetik 45 kilometrora, 2.400 metroko sakoneran. Senideek hala eskatuta berrabiarazi zuen Frantziako Gobernuak ontziaren bilaketa; aurretiaz ere hainbat eskari eginak zizkioten.

Prozesu horretan, ezinbestekoa izan da antzeko misioetan parte hartu izan duen Seabed Constructor ontzi estatubatuarraren jarduna. Iragan azaroan ere horrelako misio bat bideratu zuen, eta baita helburua bete ere: ARA San Juan izeneko urpekoaren hondarrak aurkitu zituen taldeak. Argentinako kostaldetik 600 kilometrora hondoratu zen itsasontzia, 44 bidaiari zeramatzala.

Militarrek adierazi dutenez, ontzi estatubatuarrak erabilitako itsaspeko droneek eginkizun erabakigarria izan dute bilaketa prozesuan, horien bitartez lortu baita irudi bidezko baieztapena. Iragan astean hurbildu zen itsasontzia Minerve urpekoaren bila ari ziren eremura, baina operazioa martxan zegoen jadanik.

Senideak, urpekoaren aurkikuntza amaigabean tinko

Iaz hasi zen guztia. Senideen eskaera amaigabeek argia ikusi zuten une batez, Argentinako San Juan urpeko galduaren aurkikuntzaren berri izan zutenean. Argia ikusi zuten, eta argi hori egia bilakatu zedin galdegin. Urpekoaren bilaketa berrabiarazteko dei egin zuten, berriz ere, hondoratu zenetik 50 urte bete zirenean.

“Jakin nahi dugu non hartu zuten atseden herriarengatik bizitza eman zuten haiek”, adierazi zuten senideek. Halaber, askorentzat dolu amaigabea izan dena osatu nahi zutela nabarmendu zuten. Frantziako Gobernuak onartu egin zuen eskaria, eta otsailean egin zituen lehen urratsak. Itsasoaren ustiapena aztertzera bideratutako ontzi bat bidali zuen, Minerve urpekoa desagertu zen ingurua arakatzeko zunda batez hornitua.

Arrastoak aurkituta ere, misterioaren argiak ilun

Aurkitu dute urpekoa, aurkitu dituzte arrastoak, senideek itxi dute zauria, baina misterioaren argiak ilun jarraitzen du oraindik. Egun, oraindik inork ezin du azaldu zer dela-eta hondoratu zen urpekoa kostaldetik abiatu eta minutu gutxira. Haizea gogor zebilen, orduko 100 kilometrorainoko bolada bortitzak erregistratu ziren. Itsasoa harrotuta zegoen, olatuek gogor astintzen zuten. Denera, 800 tona pisatzen zuen urpekoak, eta 525 metroko sakonera gainditzeko gaitasuna zuen.

Goizeko lehen orduan abiatu zen Minerve Tolongo portutik, ekintza militar bat egiteko asmoz. Ordu berean, Breguet Atlantic izeneko hegazkin bat abiatu zen Nimes Garonseko aire basetik. Operazio militarraren erronka, jakitea ea zeinek zein deskubritzen zuen lehenengo; urpekoak hegazkina edo hegazkinak urpekoa. Minerva ontzia izan zen mezu bat bidaltzen lehena, komunikazioa mantentzeko arazoak zituela jakinaraziz. Zortzi minutu beranduago jaso zuen hegazkinaren erantzuna, arrazoi meteorologikoak zirela-eta ekintza bertan behera utziko zutela adierazteko. Bakoitzak beste mezu bana igorri zion besteari, baina ez dago mezu gehiagoren erregistrorik. Urpekoa desagertu berri zen. Ez zegoen haren seinalerik.

Hurrengo eguneko goizaldean hasi zen bilaketa, baina ez zuten inolako arrakastarik izan. Otsailaren 2an amaitu zen, urpekoaren lokalizazioari buruzko albisterik gabe. Urtebete igaro ondoren berrabiarazi zuten bilaketa, hamahiru egunez, obaina orduan ere berririk ez. Ondoren, itxi egin zuten kasua. Orain arte.

Otsailean lehen miaketak egin ondoren, uztailaren hasieran ekin zioten bilaketa formalari. Itsasoaren ustiapena aztertzera bideratutako ontzi bat hasi zen bilaketa lanetan, eta aste batzuk geroago batu zen Seabed Constructor itsasontzi estatubatuarra. "Itxaronaldi luze baten eta galdera etengabeen amaiera da", adierazi zuen urpekoan zihoan eskifaia kide baten senideak Le Monde hedabidean. Antzera, sentipen berbera dute gainerako senide ugarik ere, zauria behin betiko sendatzeko. Hondoratzearen misterioak, aldiz, itsasoaren azaletan barna jarraituko du, 2.400 metro ur azpian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.