Txirrindularitza

Bigarren etapa garaipena Caleb Ewanentzat

Taldekideen laguntzarik izan ez arren, esprintean azkarrena izan da. Jakob Fuglsangek Tourra utzi du eroriko baten erruz.

Caleb Ewan Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa garaipena ospatzen. YOAN VALAT
Jone Bastida Alzuru.
2019ko uztailaren 23a
07:20
Entzun

Esprintean, nagusitasunez gailendu da Caleb Ewan (Lotto Soudal), eta berak irabazi du Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa. Bigarren etapa garaipena eskuratu du esprinter gazteak (24 urte). Azkarrena izan da Nimeseko helmugan Dylan Groenewegenen (Jumbo-Visma), Elia Vivianiaren (Deceuninck Quick-Step) y Peter Saganen (Bora-Hansgrohe) aurka. Sailkapen nagusian aldaketa esanguratsu bakarra dago, Jakob Fuglsangek erorikoa izan du eta proba utzi du. Julian Alaphilippek (Deceuninck Quick-Step) jarraitzen du lider.

Tourmaleteko etapa gogorraren ondoren, atseden eguna izan zuten astelehenean txirrindulariek, eta etapa lau batekin ekin diote berriz asteartean Frantziako Tourrari. 177 kilometro zituen ibilbideak, eta Nimesen hasi eta bukatu da. Etapa lasaia espero zen, ezusterako abagune gutxikoa, eta esprinterrentzat aproposa. Etapa hasi eta zortzi kilometrotara egin dute eguneko ihesaldia bost txirrindularik: Alexis Gougeard (AG2r), Stephane Rossetto (Cofidis), Lukasz Wisniowski (CCC), Paul Ourselin (Total Direct Energie) eta Lars Ytting Bak (Dimension Data). Helmugarako bi kilometro eta erdi falta zirela harrapatu ditu tropelak, nahiz eta etapa osoan zehar tarte txikiak izan dituzten. Esprintean, Caleb Ewan izan da azkarrena. Tour honetan bi etapa garaipen lortzen dituen lehen esprinterra da Ewan. Denboraldiko zortzigarren garaipena du.

Eguneko zorigaitza Jakob Fuglsangek (Astana) izan du. Helmugarako 25 kilometro falta zirela, erorikoa izan eta lasterketa utzi behar izan du. Tourreko podiumean egoteko hautagaietariko bat zen Fuglsang. Sailkapen nagusiko bederatzigarren postuan zegoen, Alaphilippengandik 5.27ra.

Asteazkenean jokatuko da Tourreko hamazazpigarren etapa. 200 kilometroko ibilbidea du, Gardeko Zubitik Gapera. Bi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: laugarren mailako bat, eta etapa amaieran hirugarren mailako beste bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.