Enplegua

Lan Ikuskaritzak berrikusitako kontratuen laurdenak aldatu ditu, iruzurragatik

Guztira, 3.000 kontratu baino gehiago aldatu ditu. Hamar aldaketatik zortzitan, kontratua mugagabe bihurtzera behartu du enpresa. Gainerakoetan, lanaldia luzatu dute.

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan sailburua, gaur, Lan Ikuskaritzaren datuak aurkezten. IREKIA
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 24a
15:19
Entzun

Kontratazio iruzurraren arazo nagusia behin-behinekotasun faltsua da. Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Maria Jesus San Josek gaur aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzaren aurtengo lehen seihilekoko datuak, eta azaldu du urtarriletik ekainaren amaierara bitartean 3.067 kontratu aldatu dituela, berrikusitakoen %25. Aldaketa gehien-gehienak, %85, aldi baterakotasunaren iruzurra ezabatzeko izan da, eta, halako kasuetan, enpresak behartu dituzte langileei kontratu mugagabeak egitera. Gainerako kasuetan, %15etan, lanaldia luzatu dute.

"Lehenengo seihilekoan 12.348 kontratu berrikusi ditugu, eta, kontratazioan, joan den urteko aldi berean baino mila iruzur kasu gutxiago aurkitu ditugu", azaldu du San Josek. "Albiste ona da, eta urte amaieran joera hori baieztatzen bada, esan nahi du enpresaburuek, aldi baterako kontratuen gehiegizko erabilpena egiten badute ere, iruzur txikiagoa egiten dutela kontratazioan. Hori gertatzeko, uste dugu funtsezkoa izan dela lan iruzurraren aurka abiarazi dugun kanpaina", gaineratu du.

Sailburuak nabarmendu du langabezia murriztea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua, "baina inoiz ere ez prekaritatearen kontura", zehaztu du. "Kalitatezko lanpostuak nahi ditugu, gure gazteei eta helduei beren bizitza proiektua garatzen laguntzeko".

Aldi baterakotasun faltsua

2016tik orain arte azken legealdian Lan Ikuskaritzak izandako emaitzak ere eman ditu sailburuak. Denera, ia hiru urtean, 13.000 kontratu aldatu ditu, eta horietatik 10.970, aldi baterako kontratu izateari utzi, eta mugagabe bihurtu dira; beste 1.936 kontratutan, berriz, lanaldia luzatu dute.

Azken seihilekoan, beraz, legealdiko joera berari eutsi dio kontratazioaren iruzurrak, eta enpresarien lege hauste nagusia, kontratazioaren alorrean, aldi baterakotasun faltsuarena da (aldaketen %85).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.