Joxe Azurmendiren pentsamendua hedatzeko biltzarra egingo dute Donostian

Joxe Azurmendi euskal filosofoaren pentsamendua hedatu nahian, biltzarra antolatu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Jakin Fundazioak. Abenduan izango da, hilaren 11tik 13ra bitartean, Donostiako San Telmo museoan.

Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria, 'Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk' saiakeraren aurkezpenean, iaz. JON URBE / FOKU
Nagore Arin.
2019ko uztailaren 24a
18:58
Entzun

Ugariak izan dira zegamarrak urte luzeetan egin dituen ekarpenak. Ugariak eta itzal handikoak. Hain justu, filosofoaren ekarpen guztiek euskal pentsamenduan izan duten eragina jasotzea eta lantzea du helburu biltzarrak, aitortza eta eskertza moduan. Halaber, euskal pentsalari, idazle, irakasle eta ikasleen artean duen erreferentzia eta ezagutza zabaldu nahi dute topaketaren bitartez. Abenduan izango da, hilaren 11tik 13ra bitartean, Donostiako San Telmo museoan. Biltzarraren izena zehaztean, filosofoaren jarduna biziki laburbiltzen duen metafora bat hautatu dute antolatzaileek: Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur jauzia.

"Sinesten dudalako ur jauzi sisteman". Hori esan zuen Azurmendik haren saiakeren zergatiez galdetu zioten batean. "Nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu, eta haren ideiak martxan jartzen dira. Hark ez du beste saiakera bat idatziko, baizik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur jauzi modura iristen dira iritsi behar duten tokira. Hau da nire esperantza behintzat", gaineratu zuen filosofoak.

Esperantza horrekin, Euskal Herriaren eta mundu aldakorraren lekuko bilakatu diren 40 liburu baino gehiago idatzi ditu Azurmendik. Pentsamenduaren hedapena sustatu eta jendartearentzat ekarpen interesgarriak egiteko asmoz idatziak. "Haren obrak gizaberearen, kulturaren, nazioaren, pentsamendu sozialaren, filosofiaren historiaren, poesiaren, erlijioaren esparruak bustitzen ditu, eta erreferentzia dira euskarazko pentsamenduan", azaldu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak antolatu du bilkura, Jakin Fundazioarekin elkarlanean.

Bilkura irekia izango da: nahi duen oro bildu ahal izango da hitzaldia entzutera. Azurmendiren pentsamenduaren irismen zabala areagotzea da helburua, bai jorratuko diren arloei dagokienez, bai landutako gai horiek izan duten eraginari dagokionez. Orain arte, 30 hizlarik baieztatu dute parte hartuko dutela. Haen artean izango dira, besteak beste, Lorea Agirre, Miren Azkarate, Agnes Cugno, Victor Gomez-Pin eta Joseba Zulaika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.