2003-2019

Goldeak 5.000 itzuli egin ditu

Denbora ez da alferrik pasatzen. Euskal Herriak eta munduak aldaketa handiak ikusi dituzte azken hamasei urteotan, BERRIA sortu zenetik, 2003tik. Aldaketa politikoak, sozialak, gerrak, era guztietako krisiak eta larrialdiak piztu dira. Horien guztien lehen eskuko kontakizuna egin du BERRIAk 5.000 zenbakiotan.

mikel p ansa
2019ko uztailaren 28a
15:15
Entzun

Denboraren goldea ez da gelditzen. Sexu bereko bikoteak ezin ziren ezkondu, eta ezin zuten umerik adoptatu; tabakoa erretzen zen osasun etxeetako itxarongeletan, lantokietan, trenetan; aitatasun baimenak esku bateko hatzekin konta zitezkeen; eskuko telefonorik apenas zegoen, eta sare sozialak ez ziren birtualak. Erdi Aroa ematen du, baina hamasei urte bakarrik igaro dira. 2003a zen, eta Prestige itsasontziko fuel olio arrastoak oraindik iristen ziren euskal kostaldera; Itoizko urtegia betetzeko, inguruko herriak bota berri zituzten hondeamakinek; Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuen, indarrez; torturatu egin zituzten atxilotuak, eta, azkenean, epaitu eta absolbitu. Errauts haietatik sortu zen BERRIA, gaur 5.000 zenbaki egin dituen egunkari hau.

'Ibarretxe plana'
Hamasei urteotan, 5.000 zenbakiotan, denboraren goldeak lanean segitu du, eta Euskal Herria eta mundua nola aldatu diren kontatu du BERRIAk: mundua euskarari ematen eta euskara munduari ematen jardun du. Eusko Jaurlaritzako hiru lehendakari ezagutu ditu tarte horretan. Sortu zenean, Juan Jose Ibarretxek egin zion ongietorria; Patxi Lopezek jarraitu zion (2009), eta Iñigo Urkulluk ondoren (2012). BERRIA hasi zenean, Ibarretxe plana ahoz aho zebilen; estatutu berri bat sortzeko ahalegin hura Espainiako Kongresuak bazterrera bota zuen. 5.000 zenbaki geroago, estatutu berria idazteko erronkarekin jarraitzen du Eusko Legebiltzarrak. Oraindik ez da erreferendum ofizialik egin etorkizun politikoaz.

Euskal Elkargoa
Beste lur batzuk samurragoak suertatu dira. Ipar Euskal Herriaren aro modernoko lehen instituzioaren sorrera ezagutu dute, adibidez, 5.000 zenbakiok. Euskal Elkargoa 2016an sortu zen, Jean Rene Etxegarai lehendakari zuela. BERRIA lanean hasi zenean, Batera plataforma ez zen sortu zaharra; euskal departamendua ez, baina hirigune elkargo bat lortu dute azkenean. Eta plataforma hark eginiko lanak erein zituen, hain segur, gaur Ipar Euskal Herrian existitzen diren elkarlan eta konfiantza esparruen haziak.

Laukoaren aldaketa
Nafarroako Gobernuan beste hiru lehendakari agertu dira 5.000 zenbaki hauetan: Miguel Sanz, Yolanda Barcina eta Uxue Barkos. Eta urteotan izan den aldaketarik agerikoenetako bat kontatzeko aukera izan du egunkari honek: Nafarroako aldaketa politikoa. Duela hamasei urte igartzeko zaila edo ia ezinezkoa zena; are zailago, urte haietan PSNk erregionalistei babesa emateko hartu zituen lanak ezagututa; 2007ko abuztukada, horren seinale. 2003an, Korrikari Iruñeko alde zaharrean bukatzeko baimena ukatu zion Barcinak, orduan alkate zenak; 2004an, Euskal Jai gaztetxea itxi eta bota zuten. Euskararen murrizketak, ETB ezin ikusia, Nafarroako Kutxari lotutako ustelkeriak eta desmasiak... Hori zen erregimenaren eguneroko giroa. 2015ean, laukoaren gobernuak beste giro bat sortu zuen. Aldaketa gehiago bidean dira: lehendakari berri bat ezagutzeko zorian dago Nafarroa.

'Bukatu du ETAk'
Baina denboraren goldeak egin duen lanaren erakuslerik begi bistakoena indarkeria aro baten bukaera izan da. ETAk Joseba Pagazaurtundua hil zuen 2003ko otsailaren 8an, Andoainen (Gipuzkoa), Egunkaria itxi baino gutxi lehenago; hamabost atentatu egin zituen urte hartan ETAk. Kartzeletan baziren 700 preso, «inoiz baino gehiago», garaiko tituluen arabera —2018 bukaeran 275 preso ziren—. Poliziek 210 pertsona atxilotu eta 146 kartzelatu zituzten 2003an; 52k auzitegietan salaketak jarri zituzten torturengatik eta tratu txarrengatik. Batasuna legez kanpo utzi zuen epaiketa ere 2003an hasi zen, eta ilegalizazio aldi luze bat ireki zuen Hego Euskal Herriko instituzioetan. 2018an amaitu zen ETA, betiko —maiatzaren 4an agertu zen Bukatu du ETAk, erabat titulua—, baina luzea izan da bidea. Batasunak negoziazio aldi bat ireki zuen 2004an, Anoetako estadioko proposamenarekin. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren eta ETAren arteko eta euskal alderdien arteko hizketen hasiera izan zen, eta 2007an bukatu zen; ETAk, Barajasko aireportuko T4 terminalean lehergailuak jarri, eta bi pertsona hil zituen tartean. Hautsi ziren negoziazioak, bukatu ziren Elgoibarko (Gipuzkoa) Txillarre baserriko topaketak eta Loiolako hizketaldiak, eta ezker abertzaleak eztabaida prozesu luze bati ekin zion, Zutik Euskal Herria txostenarekin bukatu zena (2010). Aieteko konferentziak (2011) jarraitu zion; ETAren «su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorrak» gero; eta beste negoziazio saialdi batek porrot egin zuen, Oslon. ETA saiatu zen armak bere kasa uzten, eta Mariano Rajoyren gobernua saiatu zen trabak jartzen. Azkenean, 2017an, ETA desarmatu egin zen, eta hurrengo urtean desegin zen erakunde gisa.

Biktimak eta presoak
Baina goldeak ez ditu lur guztiak era berean berdintzen, eta erronkek hor segitzen dute: elkarbizitza, biktimak, presoak... Horien berri eman du BERRIAk urteotan. Eta jarraitzen du ematen. Gatazka batzuk ez baitira bukatu. Adibidez, dozenaka makroepaiketaren eta atxiloketaren testigu izan da erredakzio hau 5.000 zenbaki hauetan: Batasuna; herriko tabernenauzia; Ibarretxe eta Lopez, Batasunarekin biltzeagatik deklaratzen; Udalbiltza; Bateragune; Jarrai, Haika eta Segiren auzia; Askapena... Atxiloketa horietako batzuei erantzuteko, 2013tik aurrera egin diren herri harresien berri ere zuzenean eman du BERRIAk. Eta beste epaiketa handi baten jarraipena egin beharko du aurki, irailean hasiko baita 11/13 sumarioaren epaiketa. Euskal presoen lehen hurbiltzeen testigu ere izan da BERRIA urteotan; Frantziak hasi zuen bidea, 2018an, eta presoen senideek eta haien inguruko elkarteek nahi baino mantsoago doa. EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek beren etxeetara itzultzeko erabakia ere hartu zuten 2014an. Baina gertakari ilunagoen berri ere eman behar izan du kazeta honek, Jon Anzaren desagertzearen berri, adibidez. Jaurlaritzak 4.113 tortura kasu egiaztatzeko egindako lanaren berri ere eman du. Eta indarkerien biktimei ahotsa ematen saiatu da. ETAri egozten zitzaion aurreneko hilketan —Begoña Urroz umearen hilketan— ETAk ez zuela zerikusirik izan ere agerian utzi zuen BERRIAk, 2011n; Espainiak aurten onartu du hori.

Krisiaren goldea
Edozein moduz, krisiaren goldeak egin du lanik bortitzena hamasei urteotan. 2007an lehertu zen subprime hipoteken krisia, ia segidan eguneroko bizitzaren krisi bihurtu zena: soldatak izoztuta, hipotekak izoztuta, negoziazio kolektiboak etenda, etxe kaleratzeak indarrean, lan gatazkak nonahi, enpresa itxierak, langabeziaren hazkunde etenik gabea, lan erreformak, pentsio erreformak eta greba orokorrak, austeritatea, murrizketak, lan erregulazio txostenak... Hiztegi gogorra erabili behar izan dute kazetariek 5.000 zenbaki hauetan, eta oraindik ez da apaldu; aurten jakin da Eusko Jaurlaritzak azken hogei urteetako pobrezia indizerik handiena neurtu duela 2018an. Bestela, Navalek balio dezake dozenaka enpresaren bilakaeraren adibide gisa: BERRIA sortu eta gutxira, krisi betean sartu zen lantegia (2004); pribatizatu egin zuten 2006an; eta 2019 honetan itxi dute azkenean. Milaka herritarren eguneroko ezinen eta etsipenaren lekuko izan dira 5.000 zenbaki hauek.

Ustelkeria
Eta, krisiarekin batera, iruzurra hitza ere nabarmendu da 5.000 zenbakiotan: Irungo Ogasuneko iruzurra, Roberto Zearsolo Guggenheimeko zuzendari finantzarioaren esku luzea, CANeko dietak eta diru xahutzeak, De Miguel auzia, Nicolas Sarkozyren ustelkeriak, PPren aurkako auzibideak, Osasunaren iruzurrak, Hiriko kasua, hainbat auto markak gas isuriak mozorrotzeko egindako faltsutzeak, Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen auzia, Osakidetzako lan eskaintza publikoko iruzurrak, Balentziaga auzia...

'Garoña itxi dute'
Dozenaka gatazka sozialen lekuko ere izan dira 5.000 zenbaki hauek: abiadura handiko trenaren eraikuntza —2006an sinatu zuen hitzarmena Jaurlaritzak Espainiarekin; 2009an, Nafarroak—, emakumeen eskubideak, klima aldaketa, Zubietako erraustegia eta hondakinen kudeaketa, sexu bereko bikoteen ezkontza, abortatzeko eskubidearen aurkako PPren saioak, elizgizonen pederastia kasuak —horietako batzuk BERRIAk azaleratuak—, 2017an eremu mistora pasatu ziren Nafarroako 44 herriak, transexualen eskubideak, eutanasia, LOMCEren eta hezkuntzako murrizketen aurkako protestak, Elizaren immatrikulazioak —BERRIAk ezagutarazi zituenak, horietako batzuk—, frackingaren gatazka, zaintza partekatuari buruzko eztabaida, gaztetxeen itxierak —Kukutza (2011), Kortxoenea (2015), Maravillas (2019)...—, eta beste asko. Eta, gatazka horien artean, kazetari askok aspaldian sinatu nahi izan duten albiste baten titulua: Garoña itxi dute. Ez da hori izan urteotan tiraderan gelditutako azpiegitura bakarra: Pasaiako zentral termikoa ixten eta Pasaiako kanpoko portuaren proiektua bertan behera gelditzen ere ikusi ditu kazeta honek 5.000 zenbakitan. Beste proiektu batzuek aurrera egin dute. AP-1, Supersur eta Pirinioetako Autobidea errepideek, adibidez. Aurrera egin dute gaur arrunt ezagunak diren beste azpiegitura batzuek ere: BEC, Alondegia, San Mames berria, Baluarte, Tabakalera, Arabako eta Nafarroako kartzela berriak, Petronorren koke planta eta Zabalgarbiren erraustegia, besteak beste. Instituzio publikoek obra horietan egin dituzte urteotako gastu handienetako batzuk.

Sei heriotza
5.000 zenbaki hauetan badira, zoritxarrez, memoria kolektiboan grabatu diren pertsona batzuen izen propio batzuk, oraindik erabat konpondu gabeko arazoak seinalatzen jarraitzen dutenak: Jokin Zeberio Laboaren suizidioak (2004) bullying-aren gaitzaz ohartarazten du; Nagore Laffageren hilketak (2008) indarkeria matxistaren garroak seinalatzen ditu; Amaia Egañaren heriotzak (2012) etxe kaleratzeen eta krisiaren zenbakien atzeko dramak gogorarazten ditu; Iñigo Cabacas ertzain baten pilotakadarengatik hildakoak (2012) polizia indarkeriaren auzia nabarmentzen du; Hodei Egiluzen hilketak (2016an agertu zen gorpua) desagertutakoen senideen mina erakusten du; Ekai Lersundiren suizidioak (2018) genero bitasunak sortzen dituen arazoak agerrarazten ditu.

M-8; kalea borborka
Baina 5.000 zenbaki hauek erroko aldaketa esanguratsurik ikusi badute, feminismoaren zabalkundea eta indartzea izan da hori. 2018ko Martxoaren 8ko greba deialdiak eta mobilizazio jendetsuek mugarri bat jarri zuten. BERRIAk hasieratik hartu du konpromisoa emakumeen eskubideen alde; horren erakusle, Espainiako Gobernua abortuaren kontrako kanpaina betean zebilen garaiko Nik ere abortatu dut artikulua, alarde parekideen ondoan hasieratik egindako bidea, eta indarkeria matxistak hildako emakumeen eta umeen mapa —egunkari hau sortu zenean ez baitzen horri buruzko estatistika ofizialik ere—.

ETAren bukaerarekin batera sortu diren urteetako mobilizaziorik handienen lekuko ere izan da BERRIA: Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen alde (2013tik aurrera), Altsasuko gurasoek beren seme-alabei epaiketa justu bat egitearen alde (2016tik aurrera), pentsiodunek pentsio duinen alde (2018), feminismoak M-8ko deialdietan (2018) eta Iruñeko talde bortxaketaren zein abortuaren lege erreformaren aurka, Euskaraldiak euskararen normalizazioaren alde (2018)... azken urteetako mugimendu jendetsuenak sortu dituzte, eta dozenaka milaka herritar elkartu kaleetan, urtero euskal presoen eskubideen alde Bilbon egiten den manifestazio handia ahaztu gabe.

Kataluniaren uberan
Munduaren goldeak ere ez daki geldirik egoten, eta hamasei urteotan maneiatu dituen lurrak ugariak izan dira. Euskal Herritik gertuen, Kataluniako burujabetza prozesuak aro bat markatu du. 2006an, estatutu berria onartu zuen Kataluniak. Aldaketa handiak egin zizkion Espainiak, eta, 2010etik aurrera, Madrilgo gobernuarekin haserre handi bat katalizatzen joan da independentismoaren inguruan: udalerrietako galdeketak, ehunka milaka lagunen diadak, 2014ko azaroaren 9ko eta 2017ko urriaren 1eko galdeketak, independentzia aldarri etena, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua, erbestea, kartzela, eta epaiketa handi bat kontatzea egokitu zaio erredakzio honi, bertatik eta lehen eskuko lekukoen ahotik.

Baina Katalunia ez da bakarra izan. Eskoziako independentzia asmoen eta erreferendumaren berri ere eman du BERRIAk (2014), bertatik bertara; Montenegroren independentzia ere kontatu du (2006); eta Kosovorena (2009); eta Ipar Kurdistango erreferenduma (2017); eta Kaledonia Berrikoa (2018). Korsikako FLNCk 2003an eman zuen su-etena, eta geroztik irlak izan duen bilakaeraren berri ere eman du. Palestinan eta Mendebaldeko Saharan bizi duten etenik gabeko errepresio giroa ere sarritan aipatu behar izan du. Estaturik gabeko nazioen berri ematea izan baita eta baita BERRIAren zereginetako bat.

Udaberri Arabiarra
Baina urteotan munduaren goldeak buelta asko eta handiak egin ditu, eta Ekialde Hurbilean batez ere. 2003an, AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente George W. Bushek Irak inbaditu zuen. Afganistanen hasia zuen gerra ordurako (2001). Dorre bikien aurkako atentatuen osteko mundua zen. Baina, gerren lekuko ez ezik, aldaketa sozial eta politiko handien lekuko ere izan da BERRIA. 2009an, protestak izan ziren Iranen; 2010ean, Mendebaldeko Saharan, Gdeim Izikeko kanpalekuan. Udaberri Arabiarra deitu zuten horren aurrekariak ziren. Tunisia, Siria, Libia, Egipto, Turkia, Rif, Aljeria... Azkar zabaldu ziren protestak, eta Sirian mendeko gerrarik gordinenetako bat sortu zen, munduko potentzien laborategi izan dena. Udaberria udazken nola bilakatu den, eta herrialde horietako askotan alderdi islamistak agintera nola iritsi diren ere kontatu du egunkari honek; eta, askotan, bertatik.

Estatu Islamikoaren eta kalifa herriaren sorrera eta bukaera (2014—2019) kontatzea ere egokitu zaio BERRIAri. Eta Europan gertatu diren atentatuen berri ere eman behar izan du: Madrilen (2004), Londresen (2005), Parisen (2014 eta 2015), Bruselan (2016), Nizan (2016), Manchesterren (2017), Bartzelonan (2017) eta beste toki askotan. Tartean, Osama Bin Laden hil zuten Amerikako Estatu Batuek (2011), Barack Obama presidentearen aginduz.

Udaberri Arabiarraz eta Estatu Islamikoaz aparte, beste kontinente batzuetan beste forma batzuk hartu ditu herritarren ezinegonak, krisi ekonomikoak hauspotuta: M-15 Espainian (2011), Ocuppy Wall Street AEBetan (2011), Jaka Horiak Frantzian (2018)... Erreskateen aroa ere izan baitira urteok Europan, PIGS —ingelesez zerriak esan nahi du— herrialdeen urteak: Portugal, Italia, Grezia, Espainia. Islandia eta Irlanda ere larri ibiliak dira.

Mundu populista
Munduaren goldeak hamasei urteotan egin dituen itzulien metafora gisa har litezke AEBetako gobernuan izan diren aldaketak. Bushen gurutzadaren ostean, Obamaren gobernua saiatu zen AEBen lidergoa eremu moralago batera eramaten, eta urteetako gatazkak baretzen, Iranekin, Kubarekin, Japoniarekin... beste eskuan makilari helduta betiere. Donald Trumpen gobernua iritsi denerako, ordea, goldea kontrako norabidean abiatua zegoen: populismoek eta eskuin muturrak posizio asko irabazi dituzte, agenda politikoa markatu dute, sozialdemokraziek porrot egin dute herrialde askotan, mundua aspaldi ez bezain multipolarra da, eta AEBek —kapitalismoaren Mekak— gerra komertzialekin eta protekzionismoarekin erantzun nahi diote bizitzen ari diren aginte galerari, Txinak —komunismo berezi horrek— merkatu librea aldezten duen bitartean. Gerra militarren atzetik etorri dira gerra komertziala, finantzarioa eta diplomatikoa.

Migrazioen krisia
Eta, tartean, Europak proiektu gisa trinkotu gabe jarraitu du. 2004an, Europako Batasunak hamar herrialde gehiago hartu zituen, eta konstituzio bat sortzeko asmoekin ekin zion garai berriari. Hamabost urte geroago, zabaltze prozesua geldirik dago, eta Erresuma Batuak batasuna uzteko hartutako erabakiari aurre egin ezinik segitzen du —brexit-ak 2016an irabazi zuen galdeketa—. Kaos horren erdian, pobretzeak, klima aldaketak eta gerrek eragindako exodoen eraginez, aspaldiko larrialdi handienetako baten aurrean aurkitu da Europa: migrazioen krisia. 2016an, 5.097 pertsona hil ziren Mediterraneoan; 2017an, 3.116. Zifra hotz horiek erakusten dute hobi komun bihurtu dela Afrika eta Europa bereizten dituen itsasoa. Baina Asian eta Amerikan ez dira atzera gelditu. Harresiak altxatu dira bazter gehienetan; burokratikoak zein fisikoak. Duela 5.000 zenbaki baino itxiagoa eta errezelo handiagokoa da mundu hau.

Latinoamerika
Amerikan ere aldi gatazkatsu baten kontakizuna egitea egokitu zaie 5.000 zenbaki hauei. Ezkerreko mugimendu anitzak gobernu askotara nola iritsi diren eta haietan nola sendotu diren kontatu zuen hasieran. Hor ziren Brasil, Venezuela, Bolivia, Uruguai... Eta gero gobernu horietako askoren erorketak eta krisiak kontatu behar izan ditu BERRIAk. Venezuelako gatazka da Latinoamerikan gertatzen ari denaren paradigma, uneotan. Tartean, Kolonbiako bake prozesuaren negoziazioak ere kontatu dituzte 5.000 zenbakiok; baita akordio hori betearazteko ezinak ere. Bakearen goldeak ez du lur askorik ondu. Bitartean, Kubak trantsizio garai bat hasi du, eta Fidel Castroren heriotzak garai baten bukaera markatu du.

Geldoa, ez geldia
Denboraren goldeak bere lanak egiten ditu. Goenkale-k ere bukatu zuen, 21 urtez jarraian aritu eta gero. Juan Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolaren pilotari belaunaldia sortu eta erretiratzen ikusi du erredakzio honek; eta belaunaldi berri bat hazten. Denboraren legea da. Tartean, poz batzuk ere izan dira, Maialen Chourrauten Olinpiar Jokoetako urrea, adibidez, BERRIAk zuzenean eta handik kontatu zuena, Olinpiar Joko guztietan izan baita egunkari hau. Eta Joseba Sarrionandiaren gaur egungo aurpegia eta bizimodua ezagutzeko poza ere ezagutu zuen. Izan ere, denboraren goldea gelditu egiten dela ematen du batzuetan —hor jarraitzen du Francok, Erorien Haranean hobiratuta; hor jarraitzen du Trebiñuk, Burgostik atera ezinik—, baina goldea lanean ari da beti. Eta, BERRIAlagunen babesarekin, erredakzio honek lanean jarraituko du, goldeak zer bide hartuko duen igartzeko eta kontatzen segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.