BerriaLagunak

Munduari begiratzeko leihoa

BERRIAren 5.000 zenbakiaren karietara, lau BERRIAlagun barrutik ezagutzen ibili dira asteon Andoainen. Egunkariaren «kalitatea» azpimarratu dute, baita berritzeko duen gaitasuna eta gogoa ere.

Aitor Aldai, Oskar Goñi, Ixiar Elortza eta Itziar Garmendia BERRIAlagunak Andoainen BERRIAren erredakzio nagusian. GORKA RUBIO, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko uztailaren 28a
09:30
Entzun

Eguerdia da, uztailaren 22a, astelehena, eta bero dago kalean. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean ezarritako ordura garaiz etorri dira Itziar Garmendia, Aitor Aldai, Ixiar Elortza eta Oskar Goñi —horien bien seme-alabak ere bai—. BERRIAlagun edo harpidedunak dira lehen laurak. Bestelako egun bat da gaurkoa, eta plana ere bestelakoa dute: BERRIA barrutik ezagutzea. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria lagun, erredakzioko txokoak ezagutu dituzte, eta kazetaren inguruko zalantzak argitu.

Urnietan elkarrekin bazkaldu ondotik, berriz ere Andoainen elkartu ditu BERRIAk Euskal Herriko zenbait txokotatik etorritako lau lagunak: oraingoan, mahai inguruan eseri dira BERRIAri buruz mintzatzeko. Ez dute adin bera, ez lanbide bera, ez inguru bera. Alta, ideia eta kezka anitz trukatu dituzte solasaldiak iraun duen ordubetean. Lotsak galduta, argi eta zintzo mintzatu dira laurak.

«Asko gustatu zait berriro ere egunkaria irakurtzen hastea. BERRIAren kalitatea lehendik ezagutzen nuen, baina egunero irakurriz ondo informatuta sentitzen naiz». Hasi da solasean Garmendia ormaiztegiarra. Sopelan bizi da, eta erretiratu berri da: orain dela gutxi ekin dio egunkaria ia goitik behera irakurtzeari. Ez du paperean irakurtzen, PDF formatuan baizik.

Informatuta egotearen sentipen bera nabarmendu du Aldaik. Donostiarra da, eta orain dela urtebete inguru egin zen BERRIAlagun. Garmendiaren gisara, Aldaik ere PDF formatuan irakurtzen du egunero kazeta: «BERRIAlagun egin naizenetik nabaritu dudan aldea da PDFa jasotzea. Orain daukadan denboraren arabera irakurtzen dut, baina ia beti goitik behera. Ez da albiste bat soilik irakurtzea: informatua egotearen sentsazioa da. Bestela nik joko ez nukeen albisteak irakurtzea, adibidez. Beste ariketa bat gehiago da; eguneroko gertakariak bertze modu batean jasotzeko modua».

Goñi eta Elortza BERRIAren sorreratik bertatik dira harpidedun. Paperean jasotzen dute, Beran. Aitortu dute familiako lana dela-eta azken urteetan ezin dutela lehen bezainbertze irakurri kazeta. Hala ere, hartzen dute astia. Azken hilabeteetan, gainera, etxean irakurtzeko denbora nahikorik ez, eta Elortzak jabe den arrandegira eramaten du egunkaria, bezeroek irakur dezaten. Ezinbestekoa iruditzen zaio BERRIA publikoan erakustea eta jendeak beste leku batzuetan ere ikustea egunkaria.

Elortzarentzat, garrantzi berezia du informazioa euskaraz zabaltzeak: «Nik ez dut ulertzen, herri gisara, euskaraz ez den egunkari bat. Sekulako pisua du eguneroko informazioa gure hizkuntza hutsean ematen duen egunkari batean izateak». Euskaltzale gisa, ezinbertzekoa iruditzen zaio harpidedun izatea: «Iruditzen zait euskal herritar eta herritar euskaldun gisa ezinbertzekoa dela euskaraz argitaratzen den egunkari bakarraren harpidedun izatea. Noski, ekonomikoki posible izanez gero. Euskaldun sentitzen den bat eta euskaraz bizi den bat ez bada, nor izango da?».

Goñik zorteduntzat du bere burua: «Zorte handia da, zoriontsu sentitzen naiz urteetan BERRIA irakurle izan naizelako». Paperaren erromantikoa ere bada Goñi, BERRIAren sorreratik aurtengo maiatzera arteko ia zenbaki guztiak gordeak izan baititu etxean urte luzez.

Elortzak eta Goñik seme- alabei transmititu diete kazetari dioten «maitasun» hori. Orain etxeko belaunaldi berriek BERRIA irakurtzeak bereziki pozten du Goñi: «Poz handia da ikustea semerik zaharrenek ere gogotik ekiten diotela irakurtzeari. Pozgarria da ikustea nola produktu berak asetzen dituen etxeko adin ezberdinetako belaunaldiak».

Garmendiak ere familian egunkaria partekatzeko duten ohitura aipatu du: «Alabei ere iristen zaie. Batzuetan, polemikoak diren artikuluak izaten dira; besteetan, nik irakurritakoak bidaltzen dizkiet interesa izan dezaketelakoan. BERRIAren inguruko komunikazio hori badaukagu familian».

Naziotasunaren ikuspegia azpimarratu du Goñik: «Kazetaritza independentea da, euskara hutsekoa eta herri ikuspegi garbia duena. Funtsezkoa da hori guretzat». Nafarra izaki, bertze komunikabide batzuetan baztertua izan den sentipena duela azpimarratu du; ez, ordea, BERRIAn: «Argi azaltzen da euskalduna Euskal Herrikoa dela, zazpi probintzietakoa» Bide beretik jo du Elortzak ere: «Kazetarien galderetan ere nabari da herri ikuspegi hori». Euskal Elkargoa jarri du horren adibidetzat Aldaik: «Euskal Elkargoa indarrean jarri zenean, adibidez, ziur aski albistegiak bost minutu eskainiko zizkion. BERRIAk pedagogia lana egin zuen».

Naziotasunaren bidetik atera da erreferentzialtasunaren kontzeptua. Goñik ekin dio: «Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi garenontzat erreferente bihurtu da. Euskararen alorrean ere bai. Egiten duena ikaragarria da, eragiten duena ere bai». Kultur arloan BERRIAk duen erreferentzialtasuna nabarmendu nahi izan du: «Kultur mundutik aitorpen inplizitua egin zaio. Euskal kulturaren bilgune da».

Kezkaz mintzo da Garmendia. Urte luzez euskara irakasle gisa aritu da, eta kezkaz ikusten du ikasle askok BERRIA eta, oro har, euskal kultura ez ezagutzea: «Euskaraz ikasten duen ikasle kopurua asko handitu da, baina oso gutxik ezagutzen dute euskal kultura eta gizartea. Askotan mindu egiten nintzen ikasleek ez bazekiten BERRIA zer zen».

Aldaik ere argi dio BERRIA erreferentea dela: «Badu erreferentzia puntu bat, identifikazio bat sentitzen dugu kazetarekin». Alta, gizartean, oro har, ez du ikusten jendeak kazetari buruzko ezagutza sakona duenik. Hori komunikabide askoren egoera dela uste du, ez soilik BERRIArena.

Erreferentzialtasunaz mintzatzen hasi, eta egunkariaren ezagupenari heldu diote solasaldian. Ezagutzan dauden bi muga nabarmendu ditu Goñik : hizkuntza bera eta alfabetatzea. Etxe hurbilean duen egoeraz mintzatu da: «Nafarroako mendialdean, baserri inguruan, ia denak euskaldunak dira, baina adin batetik gorako jendeak ez daki euskaraz irakurtzen. Horiek dira papera erosten dutenak. Euskara azkar, lerden, polit eta prestu bat arrotza egiten zaie».

Kalitatea zigilu

Solasaldiak iraun duen ordubetean, hitz bat nabarmendu dute bertze guztien gainetik: kalitatea. Solaskide bakoitzak behin baino gehiagotan aipatu du kalitatearen kontzeptua. Aldai: «Oso leku gutxitan topatu dezakezu horrelako kalitatez landutako informazioa. Gaztelerazko prentsara jo, eta kosta egiten da horrelakorik aurkitzea». Egunkaria irakurritakoan izaten duen emozioa azpimarratu du Garmendiak: «Emozio moduko bat sartzen zait egunkaria hartu eta pentsatzen dudanean: kalitatezko egunkari bat irakurtzen ari naiz. Erabat asebeteta sentitzen naiz».

Kazetaritza estiloaz harago, diseinuaren kalitatea azpimarratu du Goñik: «Diseinu aldetik ere ikusgarria da, maketazio lana, koloreak...». Iritzi berekoa da Aldai ere: «Euskarazko egunkari bakarra izanda, bazuen arlo horretan erlaxatzea, baina lanean jarraitu du. Ikusten da maitasun handiarekin lan egiten dela». Diseinuan zein bertzelako alorretan kazetak duen berritzeko gogoa azpimarratu du Elortzak: «Ikusten da egunkaria beti gauza berriak egiten ari dela, proiektu berrietan murgilduta dagoela». Suaren metafora erabili du hori irudiz azaltzeko Garmendiak: «Sua bezala beti berritzen ari da».

Solasaldiak aitzinera egin ahala, BERRIAlagunek osatzen duten komunitatea ere hartu dute mintzagai solaskideek. BERRIA euskaltzaleen «zigilu» gisa ikusten du Elortzak: «Denda edo ostatu batera joatean BERRIA ikusten badut, badakit euskaltzaleak izanen direla». Komunitate sentimendua hasieratik nabari duela dio Goñik: «Euskaldunon Egunkaria itxi eta BERRIA sortu zenean, komunitate zentzu oso zabalarekin sortu zen». Proposamena ere egin du Goñik: BERRIAlagunen artean Interneten bidez elkarrekin eztabaidatzeko foro edo plataforma bat sortzea.

Erreferentziazko atalak

Irakurle jaioak dira laurak, eta erakutsi dute BERRIAren atal eta kolaboratzaileak ederki ezagutzen dituztela. Anjel Lertxundik urteetan idatzitako Hitz beste zutabea irakurriz ekin izan dio irakurketari Goñik, eta aipatu du «tristura» sentitu zuela atal hori egunerokotik desagertu zenean. Garmendiak, berriz, zutabe hori urteetan erabili izan du eskolan euskara lantzeko, bertze hainbat artikulurekin batera. Komiki zintak ere aipatu dituzte. Antton Olariagak urteetan egindako Zakilixut zaleak dira batzuk, Zaldi Eroaren jarraitzaileak bertzeak. Amaitu aitzinetik, eskaera bat egin dio egunkariari Goñik: «Olariagak zinta egiteari uzten dion egunerako B plan bat egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.