Enpresak

Euskaltelek 23 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan, %20 gutxiago

Salmenta bolumenak ere behera egin du, %1,6, baina zorra txikitu du: sei milioi gutxiago.

Jose Miguel Garcia, Euskal Encounter topaketaren inaugurazioan, atzo, Bilbon.
Jose Miguel Garcia, Euskal Encounter topaketaren inaugurazioan, atzo, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE

Xabier Martin -

2019ko uztailak 26

Euskal konpainiak CNMV merkatu arautzaileari igorritako oharrean azpimarratu duenez, lehen aldagaia da "bide orri berria onartu denetik", eta orain aste batzuk negozioaren eboluzioan "joera aldaketa bat" islatu da, hobera. Errentagarritasunean gora egin duela dio Euskaltelek, eta bezeroen kopuruan ere bai, hala banda zabalean, nola gainontzeko ataletan: telefonia mugikorrean, finkoan eta ordainpeko telebistan. Alegia, Zegona funtsak Euskaltelen lema hartu duenetik, gauzak hobetzen ari dela dio Derioko konpainiak, baina zenbaki zehatzetara joatean gainbehera nabarmena dago mozkinei dagokionez: 22,9 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen erdian, aurreko epe berean baino %20,5 gutxiago.

Zor bolumena ere jaitsi dela argi esan du konpainia laranjak; orain 1.526 milioi euroko pasiboa dauka, aurreko urteko lehen erdian baino sei milioi gutxiago. Baina kezkagarria da, era berean, salmentak ez direla igo; aitzitik, %1,6 egin dute atzera, fakturazioa 334,5 milioiko mailan utzi arte.

Baina Jose Miguel Garcia Zegonaren ordezkariak konpainiaren gidaritza hartu duenetik, enpresa beste bide orri batekin ari dela azaldu du Euskaltelek, eta "denbora errekor batean" antolakuntza egitura berri bat ezarri duela, eta (kaleratzeen bidez) paparra atera duela. Urteko bigarren hiruhilekoko emaitzetan islatu da jadanik errentagarritasuna handitzeko helburua duen plan berri horren eragina: %1,3 hobetu da fakturazioa, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta EBITDAk ere %4 egin du gora (84,4 milloi euro).

Ziaboga hartu eta gero

Alegia, Eukaltelen negozioaren eboluzioa desegokia izaten ari zela urteko lehen hiruhilekoan, eta Zegona sartu denetik, eta Jose Miguel Garciaren gidaritzapean plan berria onartu denetik, emaitzek hobera egin dutela; hori esaten du lerro artean Euskaltelek CNMVra bidalitako oharrak.

Emaitza horiek hor daudela, Euskaltelek 55 milioi euroko dibidendua banatu du aurten. Otsailaren zazpian, 25 milioi banatu zizkien akziodunei, eta uztailaren 9an, beste 30 milioi. Horrek esan nahi du %4,2ko errentagarritasuna izan duela akzioak 2018ko batez besteko salneurriaren aldean, aurreko urtean baino %11,5 gehiago.

Euskaltelen hedapenak beste urrats bat egingo zuela jakinarazi zuen konpainiak urte hasieran, eta hedapen hori azkartzeko asmo argia azaldu du kontseilari ordezkari berriak, Jose Miguel Garciak. Euskaltel Iberiako Penintsula osoko merkatuan jokalaria bihurtu nahi du lehenbailehen, ez bakarrik iparraldean. Azken sei hilabeteetan, beste 4.000 bezero ditu Derioko enpresak, R (Galizia) eta Telecable /Asturias) ere kontuan hartuz. Guztira, 772.000 bezerori ematen die zerbitzuren bat, Nafarroan eta Espainiako zenbait erkidegotan ere hasi duelako jarduera, Errioxan, Leonen, Kantabrian; Katalunian ere badabil zerbitzua ematen.

Azken hiruhilekoan telefonia mugikorreko 24.000 linea berri martxan jarri ditu Euskaltelek, eta dagoeneko 1,15 milioi linea kudeatzen ditu. Telebistak beste 10.000 bezero dauzka (guztira, 465.000); eta banda zabalean, beste 7.000 bezero batu ditu konpaniak (587.000).

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna