Donostiako Zinemaldia

Hamalau lan Zinemaldiko Zuzendari Berriak saileko lehian

Europako, Amerikako eta Asiako ekoizpenak dira; tartean dago Maider Fernandez euskal herritarraren 'Las letras de Jordi' filma ere.

Maider Fernandezen pelikulako fotograma bat.
Maider Fernandezen pelikulako fotograma bat. Donostiako Zinemaldia Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2019ko uztailak 30

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Idoia Elorbe Kutxabankeko ordezkariak gaur goizean aurkeztu dituzte zinemaldian Zuzendari Berriak sailean parte hartuko duten filmak. Zinema Eraikitzen 35, Glocal in Progress eta Ikusmira Berriak programetako saridunak daude horien artean, eta badago nabarmentzen den gai bat ere: familiako gatazkak eta seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak.

Lehen edo bigarren filma duten zinemagileen lanak bildu ohi dira sail horretan, hori izaten da baldintzetako bat. Hautatuen artean zortzi opera prima daude, eta sei bigarren film. Hain zuzen, bigarren filma duten zuzendari horietako hiru aurrez ere egon izan dira Zuzendari Berriak sailean izendatuta.

Ignas Jonynasek (Vilnius, Lituania, 1971) Losejas lana erakutsi zuen 2013an, eta Nematoma ekarriko du aurten, dantza lehiaketa batean itsuarena egingo duen gizon bati buruzkoa. Lituanieraz filmatutako proiektu hori saritu egin zuten iazko Glocal in Progressen.

Svetla Tsotsorkova zuzendari bulgariarra (Burgas, 1977) Jadja lanarekin izan zen 2015ean, eta pelikulan parte hartu zuten Monika Naydenova eta Svetlana Yancheva aktoreekin lan egin du oraingoan ere Sestra izeneko lanean. Nerabe baten gezurretik abiatzen da istorioa, eta gezur horrek, ahizpa nagusiaren mundua suntsitzeaz gain, beren amari buruzko egia ezagutzeko aukera emango die.

Aurrez ere sail horretan parte hartu duen beste zuzendaria Delphine Lehericey  da (Lausana, Suitza, 1975). 1976. urtean Suitzako landa ingurua hondatu zuen lehortean kokatu du Le milieu de l'horizon, eta, egoera hori ardatz hartuta, familia ingurua eta inozentzia desagertzen ikusiko dituen gazte baten istorioa kontatzen du. Orain lau urte, Puppy Love erakutsi zuen.

Bigarren lana dute Jorunn Myklebust (Oslo, Norvegia, 1978) Jorge Riquelme (Santiago, Txile, 1981) eta Hinde Boujemaa tunisiarrak ere (1971).

Gerora arrakasta izan duten zuzendariak

Jakinekoa zen Maider Fernandez zuzendariaren (Donostia, 1988) Las letras de Jordi  Zuzendari Berriak sailean ariko zela, orain bi aste jakinarazi baitzuten antolatzaileek. Aurrez film laburrak ere egin izan dituen arren, lehen film luzea du, eta Ikusmira Berriak egoitza programan garatu du proiektua Fernandezek. Haren eta garuneko paralisia duen 51 urteko gizon baten arteko harremana jasotzen du.

Lucia Alamanyren La inocencia, Ana Garciaren Las buenas intenciones, Lee Jihyoungen eta Kim Solen Scattered Nigth, David Raboyren The Giant, Fyzal Boulifaren Lynn+Lucy, Koichi Doiren Yoake No Takibi eta Oren Gernerren Africa ere zuzendari horien lehen film luzeak dira.

1985. urtean sortu zuten Zuzendari Berriak saila, eta, besteak beste, Olivier Assayas, Nicolas Winding Refn, Laurent Cantet, Lucile Hadzihalilovic, Walter Salles, Kevin Smith, Lee Daniels, Ciro Guerra, Isabel Coixet, Alberto Rodriguez, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileek parte hartu izan dute ordutik. Halaber, irabazleak maiz aukeratu dituzte beste jaialdi batzuetarako, Euskal Herriko zinema aretoetan ere izan da haiek ikusteko aukera. Hain zuzen, Hiroshi Okuyamaren Jesus filma, 2018ko irabazlearena, joan den uztailaren 26an estreinatu zuten areto komertzialetan.

50.000 € da saria, eta film irabazlearen zuzendariaren eta Espainiako banatzailearen artean banatzen da erdi bana. Sail horretako filmak Gazteriaren saria lortzeko hautagai ere izaten dira.

Honako hauek dira film aukeratuak:

- Africa, Oren Gerner (Israel)

- Algunas Bestias, Jorge Riquelme (Txile)

- Disco, Jorunn Myklebust (Norvegia)

- La inocencia, Lucia Alemany (Espainia)

- Las buenas intenciones, Ana Garcia (Argentina)

- Las letras de Jordi, Maider Fernandez (Euskal Herria)

- Le milieu de l'horizon, Delphine Lehericey  (Suitza - Belgika)

- Le Rêve de Noura (Hinde Boujemaa, Tunisia, Frantzia, Qatar)

- Lynn+Lucy, Fyzal Boulifa  (Erresuma Batua - Frantzia)

-Nematona, Ignas Jonynas  (Lituania - Letonia - Ukraina)

- Scattered night, Lee Jihyoung, Kim Sol (Hego Korea)

- Sestra, Svetla Tsotsorkova  (Bulgaria - Qatar)

-The Giant, David Raboy (AEB, Frantzia)

- Yoake no takibi, Koichi Doi (Japonia)

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna