INGURUMENA

Jaurlaritzak "klima larrialdia" izendatu du

Adierazpen instituzional bat onartu du gobernuak, eta klima aldaketarez auziari heltzeko deia egin: "Asmoa ez da inolako alarmismo inkontzienterik anplifikatzea, baizik eta erronka honi behar duen dimentsioa eta arreta ematea". Aurrekontuetan sail bat jarriko duela hitzeman du.

Sailburuak alboan zituela irakurri du adierazpena Urkulluk. ADRIAN RUIZ DE HIERRO, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 30a
09:32
Entzun

Klima aldaketaren auzia agenda politikora eramateko urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Adierazpen instituzional bat onartu du gobernu kontseiluan, eta "klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera" deklaratu du. Iñigo Urkullu lehendakariak irakurri du agiria, sailburuak alboan zituela. Testuan ohartarazi dute klima aldaketa "errealitate ukaezina" dela, "frogatua", eta neurriak hartzeko garaia dela. Neurri zehatz bat iragarri du: urteko aurrekontuaren zati bat klima aldaketa "arintzeko" neurrietara bideratzea, eta aldaketara "egokitzeko" neurrietara.

Klimaren egoera "larrialdi" gisara izendatzeak ez du ekarriko zuzeneko eragin praktikorik; ez du izango lege izaerarik eta horrelakorik. Keinu sinbolikoa da, beraz. Kontuan izatekoa da Frantziako Asanblea Nazionalak ere oraintsu deklaratu duela "klima larrialdia" lege batean, hitzaurrean. Keinu sinbolikoa izan zen.

Urrats horrekin, klima aldaketaren auzia agendan jarri nahi du Jaurlaritzak: "Asmoa ez da inolako alarmismo inkontzienterik anplifikatzea, baizik eta erronka honi behar duen dimentsioa eta arreta ematea". Klimaren auzia "gure herriaren helburu nagusi gisa" hartu nahi du Jaurlaritzak. Haren ustetan, izan ere, nahiz eta klima aldaketaren arazoak mundu osoari eragin, tokiko erakundeen bidez ekin behar zaio bereziki, "herritarrengandik hurbilen" dauden erakundeen bidez.

Jaurlaritzak gogora ekarri du azken urteetan erakundeek zer konpromiso sinatu dituzten klima aldaketari aurre egiteko, eta bere egin ditu; besteak beste, Parisko Itunean jarritako helburua, industrializazio aurreko tenperatura baino 2 gradu handiagoa ez izatea planetaren tenperatura.

"Klima larrialdia" izendatzeko pauso sinbolikoaren alboan, Jaurlaritza ari da lege aldetik aldaketak prestatzen. Besteak beste, klima aldaketaren aurkako legea. Aurreproiektuan jaso dute zer izango duen helburua: 2050ean, karbonoan neutroa izatea. Hots, berotegi efektuko gasen isuriak ez izatea atmosferatik kendutakoak baino gehiago —landareen bidez ken daitezke, esate batera—.

Oposizioa, neurri eske
Urkulluk aurreratu du helburu hori betetzeko neurri gehiago ere hartuko dituela Jaurlaritzak. Zehazki, asmoa dute politika publikoak ezartzerakoan zehatz aztertzeko kliman zer eragin daukaten, eta aurrekontuetan diru sail bat gordetzeko klima aldaketari aurre egiteko eta "aldaketa horri egokitzeko". EH Bilduk, hain zuzen, ohartarazi du neurri zehatzik ezean "hutsa" izango dela Jaurlaritzaren adierazpena, eta gas isurien kopuru handia salatu du. Equok ere ohar bera egin du, eta azken urteetan igo egin direla isuriak, krisia gainditzearekin batera.

Jaurlaritzak bakarrik ez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ere izendatu du "klima larrialdia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.