Reala

'Reale Seguros Estadioa' izena jarriko diote Donostiako estadio berriari

Realak nabarmendu du "konfiantzazko" enpresa dela Reale. Hitzarmena sinatu dute klubak eta aseguru etxeak.

Langileak lanean Anoeta berritzeko eraikuntzan, urtarrilean.
Langileak lanean Anoeta berritzeko eraikuntzan, urtarrilean. Julen Aperribai.

Berria -

2019ko abuztuak 1

Atotxa, Anoeta, eta orain, Reale Seguros Estadioa. Horixe izango da Donostiako futbol estadio berriaren izena, Realak gaur jakinarazi duenez. Izena, edo name sponsor-a, klubaren hitzetan. 2012tik ari dira lankidetzan talde txuri-urdina eta aseguru enpresa, eta "beste urrats bat" egin dute orain. Hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren ondorioz, kirol ekipamenduan Reale marka eramango dute jokalariek, eta estadioari ere hark emango dio izena, Realak ohar batean zehaztu duenez: "Hala, Reale Seguros izango da futbol estadio baten naming eskubideak lortzen dituen lehenengo aseguru etxea Espainian".

Aseguru etxeko kontseilari ordezkari Ignacio Mariscalek eta Realeko presidente Jokin Aperribaik eman dute hitzarmenaren berri. "Guretzat, benetako ohorea da gure marka Reala bezalako futbol talde baten estadio garrantzitsuarekin lotzea", esan du Mariscalek. Aperribaik, berriz, Reale "konfiantzazko" enpresa dela nabarmendu du: "Azken zazpi urteotan elkarrekin izan dugun harremanak bermatzen digu estadioa konpainia kaudimendun eta fidagarri batekin lotzen ari garela". Izena ez ezik, Reale Seguros Aretoa ere jarriko dute estadioan.

Realak zehaztu du "datozen hilabeteotan" amaituko dituztela estadio berriko lanak. Salaketak ere izan dira obren harira. ELAk, esaterako, hemezortzi enpresa salatu zituen, besteak beste, 200dik gora langileren dokumentazio faltsutua zutelako. "Prekaritate, gehiegikeria eta iruzurrezko baldintzak" salatu zuen sindikatuak. Hil honetan bertan, langile bat zaurituta eraman zuten ospitalera, estadioaren iparraldeko estalkia jartzen ari zela egituraren zati bat erori baitzitzaion.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna