Remi Aiestaran

Remi Aiestaran oroitu dute, haren heriotzatik 10 urtera

Egia, justizia eta erreparazioa eskatu zituzten atzo Amasa-Villabonako herritarrek, Remi Aiestaran hil eta hamar urteren ondoren. Omenaldi jendetsua izan zen. Aurten, ofizialtasunaren bermean egin dute ekitaldia, lau urtez egitarau ofizialetik kanpo egon ostean.

Ekitaldia, asteazkenean. ITZEA URKIZU, TOLOSALDEAKO ATARIA.
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 1a
13:27
Entzun

Herriaren erdigunean dago Errebote plaza, eta herriaren erdigunean biltzen ditu herritarrak. Santioen bilgune ere bada: kontzertu, dantzaldi, emanaldi eta ekimen askoren epizentro bilakatu ohi da zortzi egunez, jaiek iraun bitartean. Festarako gune beste, ordea, oroimenaren ondare ere bihurtzen da ingurua jaiak amaitzear. Hain justu, oroimenaren iturburu izan zen atzo plaza hori, Remi Aiestaran oroitu eta omentzeko asmoz. Beste urte batez, alkateorde izana oroitu zuen herriak, hil eta hamar urteren ondoren.

Zortziak jota hasi zen omenaldi berezia. Plaza lepo, ertz batetik hurbildu zen kalejira; doinu alaiek girotuta, erraldoi eta ipotxen atzetik heldu ziren herritarrak. Agertokiaren inguruan bildu ziren guztiak: senideak, lagunak eta herritarrak, plaza beterik. Ander Goikoetxea, Beñat Iguaran eta Amaia Agirre bertsolariak izan ziren hitz egiten lehenak. Bertso bana kantatu zuten, eta Agirrek biribildu zuen jarduna, oroimena jopuntu: "Memoriaren egutegian / oraindik loretan zaude".

Gertakariaren harira sortutako Remi Gogoan ekinbidearen kideek jarraitu zuten, duela hamar urte gertaturikoa gogora ekarriz. 2009. urtea zen, uztailaren 31. Santioak ospatzen ari ziren herritarrak, azken eguna zen. Presoen aldeko ekitaldia antolatua zuen herriak, baina epaileek debekatu egin zuten. Debekuarekin bat, dispositibo handia ezarri zuen Ertzaintzak herrian: "Hileko azken ostirala zen. Etxerat elkarteak deituta preso politiko eta errefuxiatuen alde egitekoa zen kartelada komunikabideen eta Ertzaintzaren jopuntuan zegoen jaiak hasi aurretik".

Arratsaldeko lehen ordutik hainbat furgonetak inguratu zuten herria: guztira, hamalau furgoneta. "Furgonetak ez zetozen hutsik. Dozenaka ertzain eta armak barruan. Ondo landutako erabaki bati jarraituz, agindu bat betetzera zetozen" jarraitu zuen kontakizuna Unai Urreaga Remi Gogoan ekinbideko kideak. Egoera hori ikusirik, ekitaldia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek, baina "egoera berri haren aurrean ez zuten —ertzainek— alde egin. Alderantziz, dozenaka ertzain festagunean bertan sartu ziren". Urreagaren hitzetan, herriko hainbat plazatatik barrena ibili ziren, armak eskuetan zituztela.

Garai hartan, alkateorde lanetan zebilen Aiestaran. Beraz, ertzainengana hurreratu, eta mesedez joateko eskatu zien, "jai egitarautik kanpoko ezer ez zegoela ikusarazi eta jaiak ez zapuzteko eskatuz". Giroa egonkortzeko ahalegin horretan, probokazio ugari jasan zituela salatu du Urreagak kontakizunean: "Probokatzen hasi zitzaizkion. Zu tontoa al zara? eta horrelako probokazioekin". Ezinegona eta tentsioa inguruan, eremu horretatik alde egitea erabaki zuen Aiestaran alkateordeak, gertuan zituen herritarren eta lagunen gomendioei kasu eginez. Alde egin eta berehala, ordea, hil egin zen, bihotzekoak jota: "Debeku eta errepresioaren aurrean, eta jaiak bakean amaitzeko giza harresia egiteagatik, Remik herri honen alde bizia eman zuen. Remiri bihotza leherrarazi zioten. Remi egoera hark erail zuen".

Egia, justizia eta erreparazioa

Ez da erraza zauriak ixtea, ez da erraza aurrera egitea. Denboraren poderioz sendatzen omen dira zauriak, hamar urte, ordea, gutxi da horrelako ezer ahanzteko. Denborarekin baino, aitorpenarekin izan dezake loturarik zauriak ixteak: egiarekin, justiziarekin eta erreparazioarekin. Hori nabarmendu dute omenaldian: "Ezin dugu eta ez dugu gertatutakoa ahaztu nahi. Oraindik inork ez du azalpenik eman, ez eta ardurarik hartu ere". Bide horretatik, alkateorde izana polizia indarkeriaren biktimatzat hartzea galdegin dute, Eusko Legebiltzarrak duela gutxi onartu duen polizia indarkeriaren biktimen legea gogora ekarriz. Egoera hark hil zuela nabarmendu dute, ez zela "bihotzekoak jota berez hil". Hala, azalpenak eta aitorpena eskatu dituzte: "Justizia eskatzen dugu, ez mendekua".

Senide eta lagunek ez ezik, egungo udal ordezkariek ere hitz egin zuten omenaldi berezian, eta bat egin zuten kontakizunarekin. "Guretzat ohore handia da Remiren oinordeko izatea udaletxean. Izan ere, Remi umiltasunez eta inolako sari berezirik espero gabe herriaren alde lan egiten duten militante horietako baten eredu bikaina da", adierazi du Xabat Laborde EH Bilduko alkateordeak. Jarraian hartu du hitza Beatriz Unzue alkateak. Errelatoen oinarrian egia kokatzea galdegin du. Horretarako, Amasa-Villabonako Udalak eta Aranzadi elkarteak indarkeriaren biktima izan diren guztien aitorpena osatzeko abiarazi duten proiektu bat aipatu du: "Biktimen arteko konparazioak edo parekatzeak alde batera utzita, giza eskubideen urraketak jasandako biktima guzti-guztiek egia ezagutzea, aitortza publikoa, justizia eta erreparazioa merezi dutela defendatzen dugu".

Lau urtez jaietako egitarau ofizialetik kanpo egon ondoren, ekitaldi ofizialen artean txertatu du saioa udal gobernu berriak —EH Bildu dago alkatetzan orain, eta aurreko agintaldian, EAJ—. Albiste ona izan da familia eta lagunentzat. Poza azaldu dute, aurreko udal gobernuaren "betoa" gainditu izana ezinbesteko urratsa baita aitorpena lortzeko bidean. Ofizialtasuna, baina, ez da izan inoiz Aiestaran ez omentzeko aitzakia. Urtez urte, oroimenaren iturburu bilakatu da herria hilaren 31 iristearekin bat. Hain justu, urte luzez jaso duten babes eta elkartasun hori eskertu nahi izan du haren familiak. Mikel Aiestaran anaia igo zen agertokira: "Urte gogorra izan zen 2009a. Errepresioak gogor kolpatu zuen gure herria eta etxea. Gogortasun horretan herriak elkartasun eta maitasun osoa helarazi zigun. Ez gara nekatuko eskerrak emateaz".

Familiaren hitzak entzun ostean, Aiestaranen oroigarrian amaitu zen omenaldia. Krabelinak eskuan, oroigarria inguratu zuten senideek, lagunek eta herritarrek, beste urte batez ere memoriak bizirik eta loretan dirauen adierazle, "egia, justizia eta erreparazioa" lortzeko bidean zuzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.