Txirrindularitza

Mikel Landa Bahrain-Meridan ariko da hurrengo urtean

Urtebeterako kontratua sinatu du, eta "taldea gidatzeko" ardura izango du.

Mikel Landa, prentsaurreko batean. ALESSANDRO DI MEO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abuztuaren 5a
10:52
Entzun

Ezustekorik ez: Mikel Landa Bahrain-Meridan ariko da heldu den sasoian. Abenduan Movistar utziko du, eta urtebeteko bideari ekingo dio talde berrian. Italiako hedabideetan —Bahrainen kirol zuzendaritza osoa italiarra da— aspaldi zabaldu zen akordioa egina zegoela, eta gaur bertan baieztatu du taldeak. Landa itzuli handietara joateko nahi du Bahrainek: hala ziurtatu du Bruce Copeland kirol zuzendariak. Txirrindulariak ere nabarmendu du rol hori izango duela, taldearen webgunearentzat eginiko adierazpenetan: "Oso harro nago Bahrainek egitasmo hau gidatzeko aukeratu nauelako. Erronka berriek zirrara sortzen didate".

Landak (29 urte) profesionaletan izango duen laugarren taldea izango da Bahrain. Euskaltelen hasitako bideari Astanan eman zion jarraipena. Gero, bina urte egin zituen Skyn eta Movistarren. Bere azken urteetan beste lider batzuekin egin du topo taldeetan; Bahrainen, ordea, ez zaio halakorik pasatuko, Vincenzo Nibalik, egun taldearen ikur denak, abenduan utziko baitu. Hurrengo urterako Landaren asmoa arreta guztia itzuli bakarrean jartzea da. Aurten, bi egin ditu: laugarren izan zen Giroan, eta seigarren Tourrean. 

Ikusi beharko da ea Landa den Bahraingo euskal txirrindulari bakarra, Peio Bilbaok ere jaso baitu taldearen eskaintza. Gernikarrari, Landari bezala, abenduan bukatzen zaio kontratua. Egun, Astanan dago. Duela urte gutxi sorturiko taldea izan arren, Bahrain euskal txirrindulariekin lan egitera ohituta dago, aurretik Izagirre anaiak eta Jon Ander Insausti ere aritu baitziren han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.