Literatura

Toni Morrison idazle eta ekintzailea hil da

Atzo hil zen, 88 urte zituela. Literatura Nobel saria jaso duen lehen emakume afroamerikarra da Morrison; 1993an jaso zuen.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko abuztuaren 6a
07:09
Entzun

Emakumea eta beltza. Zapalkuntzaren ertzak gertutik ezagutu zituen Toni Morrisonek (Ohio, AEB, 1931-New York, 2019); hain zuzen, ertz horiek guztiak erdigunera eramateagatik da ezaguna. 1960ko hamarkadako Black Power mugimenduak zuzenean busti zuen Morrison. Eskubide zibilen aldeko borrokan eta arrazakeriaren aurkako mugimenduetan jardun zen, eta horrek isla izan zuen bere ibilbide literarioan. Arraza, sexu eta klase gatazkak ardatz hartuta ondu zituen eleberriak, eta, jatorri errealista duten eta sarritan ahozko tradiziotik jasotako istorioak biltzearekin batera, fantasia ere uztartu izan du guztietan. 11 eleberri idazteaz gain, haur literatura eta hainbat antzerki pieza ere ondu zituen; opera libreto bat ere egin zuen. Idazlea soilik ez, Albanyko eta Princetoneko unibertsitateetako irakasle eta New Yorkeko argitaletxe bateko zuzendaria ere izan da Morrison. Gaur jakinarazi dute atzo hil zela, New Yorkeko ospitale batean.

1970ean idatzi zuen The Bluest Eye, lehen eleberria. Morrisonek kolpea eman zuen hasieratik; bai estilo aldetik, baita bertan kontatutako istorioaren aldetik ere. Pecola izeneko haur beltz baten istorioa bildu zuen bertan; begi urdinak izan nahi ditu, eta aitak bortxatu eta zoratu egingo da. Gero etorri ziren Sula (1973), Song of Salomon (1977) eta Tar Baby (1981). 1987an argitaratu zuen Beloved (1987), bere libururik sonatuenetako bat; 1988an, eleberriak fikziozko Pulitzer saria jaso zuen. Gerora, Jonathan Demme zinema zuzendariak eleberria zinemarako egokitu zuen. Esklabotzaren gaia zuen nobelak ardatz, eta Margaret Garner estatubatuarraren istorioan oinarritu zen —bere alaba esklabo bihurtu aurretik, Garnerrek hura hiltzea erabaki zuen—. Errealismoa eta fantasia; Morrisonek bi-biak elkartu zituen eleberrian. Honela laburtzen zuen idazleak, Baby Suggs liburuaren protagonistetako baten ahotan, hirurogei urtez esklabo eta hamar urtez libre izan ondoren zioena: “Munduan zorte txarra ez, zuri-jendea dago”. Anton Garikanok euskaratu zuen Maitea lana, 2005ean, Alberdania argitaletxearekin. Morrisonek eleberri hori kaleratu eta gutxira argitaratu zituen hurrengo lanak: Jazz (1992) eta Paying in the Dark (1992). Handik urtebetera jaso zuen Literaturaren Nobel saria, 1993an. Paradise (1997), Love (2003), Home (2012) eta God help the child (2015) dira utzi dituen azken liburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.