KPI

Inflazioa %0,8an dabil oraindik ere, Hegoaldean

Uztailean, prezioak %0,4 merkatu dira, merkealdiaren eraginez.

Arropa denda bat, Elizondon.
Arropa denda bat, Elizondon. Kattalingorri

Iker Aranburu -

2019ko abuztuak 13

Inflazioak ez du gora egin nahi. Bigarren hilabetez jarraian, urte arteko tasa %0,8an geratu da, mailarik txikiena 2018ko urtarrilaz geroztik. Joan den urtearen zati handi bat %2tik gora egin ondoren, azaro-abenduetan berriro amildu zen, eta Europako banku Zentralak egokitzat jotzen duen "%2tik gertu baina azpitik" maila horretara iritsi ezinik dabil oraindik. Euroguneko azken datua, uztailekoa ere, %1,1 da.

Uztaila, ohikoa den moduan, prezioek behera egiten duten hilabetea izan da aurten ere. Arrazoia jantzi dendetan bilatu behar da: amaitu ziren merkealdi ofizialak, baina saltoki gehienek eskaintza bereziak egiten dituzte udan, aurretik saldu ez dituztenak saltzeko. Oinetakoak eta jantziak %14,1 merkatu dira uztailean Araban, %13,8 Bizkaian, %11,4 Nafarroan, eta %10,4 Gipuzkoan. Halaber merkatu dira elikagaiak eta etxeetarako gailuak. Horrekin konpentsatu dute berriro ere garraioa garestitu izana, erregaien prezioak uztailean izan duten igoeraren ondorioz (%0,3 eta %0,5. artean).

Urte arteko tasan, garraioek sortu dute inflazio handien (%2tik gora); etxebizitza, ura, gasa eta argindarra, ordea, merkatu egin dira.