Hong Kong

Hong Kongeko aireportua bigarren aldiz itxiarazi dute manifestariek

Bosgarren aldiz sartu dira manifestariak aireportuan, eta, bigarren aldiz, bertan behera utzi behar izan dituzte hegaldi guztiak. Segurtasun indarren indarkeria salatzeko asmoz bildu dira.

Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 13a
09:45
Entzun

Normal jarduten hasi eta gutxira utzi dituzte berriro ere bertan behera hegaldiak. Bigarren aldiz, milaka manifestari Hong Kongeko aireportuan sartu dira protesta egitera. Fakturazio eremuan batu dira, atzo milaka manifestarik aerodromoa itxiarazi ondoren. Anabasa eragin zuen atzoko gertakariak; hegaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Gaur goizean itzuli dira berriro jardun normalera; 300 bat hegaldi bertan behera utzi dituzte, baina beste guztiak aurrera bidean ziren. Hortik ordu gutxira, ordea, berriz ere eten dute aireportuaren jarduna. Atzo egin bezala, fakturazio prozesua gainditua duten hegaldiak eta dagoeneko Hong Kongera bidean dauden hegaldiak soilik egin ahal izango dira.

Aldarrikapenaren epizentro bilakatu da aireportua azken egunetan. Bosgarren aldiz bildu dira protestariak, manifestaldietan segurtasun indarrek erabilitako indarkeria salatzeko eta Hong Kongeko Gobernuari erreforma demokratikoak eskatzeko. Iragan ekainean hasi ziren protesta egiten, eta bi hilabete daramatzate jardun horretan. Txinarako estradizio legea baliogabetzea da manifestarien xedea –lege horrekin, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko–. Protestak hasi eta bi astera, behin-behinean eten zuen legea Carrie Lam gobernadoreak, baina lege proiektuak aurrera jarraituko duela ziurtatu zuen.

Protestarien arabera, Txinarekiko menpekotasuna handituko luke lege horrek —Hong Kong Txinaren parte da, baina estatus politiko berezia dauka—. Halaber, manifestaldietan segurtasun indarrek izan duten jarrera salatu dute; horien arabera, jarrera "ilegala eta bortitza". Hain justu, asteburu honetan ikusmena galdu duen emakume baten kasua ekarri dute gogora manifestariek. Azaldu dutenez, poliziek gomazko pilota batekin aurpegian eman zioten emakumeari, eta begi bateko ikusmena galdu du.

Adierazpenak egin zituen atzo Yang Guang Txinako Gobernuaren bozeramaileak. Haren arabera, "terrorismo zantzuak" daude manifestarien jarreran. "Muturreko indarkeria" salatu zuen, besteak beste, iragan igandean komisaria batzuen aurka jaurtitako artefaktuak direla eta. Artefaktu horiek suteak eragin ditzakete, eta igandean agente bat zauritu zuten. Egoeraren larritasuna ikusirik, indarkeriatik aldentzeko deia egin zien herrialdearen etorkizunarengatik arduratuta dauden herritar guztiei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.