Hondartzak

Bainatzea debekatu dute Zumaiako hondartza batean, Getariako batean eta Mutrikuko batean, uraren kalitate txarragatik

Erakundeek ohartarazi dutenez, uraren kutsadura mailak gehieneko kantitateak gainditu ditu, eta bandera gorria jarri dute.

Mutrikuko Saturraran hondartza, artxiboko irudi batean.
Mutrikuko Saturraran hondartza, artxiboko irudi batean.

Berria -

2019ko abuztuak 13

Gipuzkoako hiru hondartzatan bainatzea debekatu dute gaur, uraren kalitate eskasa dela eta. Bandera gorria ezarri dute Zumaiako Santiago hondartzan, Getariako Gaztetapen eta Mutrikuko Saturraranen.

Zumaiako Santiago hondartzan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak uraren kalitatea aztertzeko neurketak egin ditu. Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, azterketaren emaitzek adierazi dute uraren kutsadura  gehiegizkoa dela, eta bainatzea debekatu dute.

Gurutze Gorriak abisu eman du Getariako Gaztetape hondartzan ere debekatuta dagoela bainatzea. Uraren kalitate txarrarengatik hartu dute neurria. Mutrikuko Saturraran hondartzan ere arrazoi berarengatik jarri dute bandera gorria, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Astelehenean, Lapurdiko zenbait hondartzatan ere debekatu zuten bainua. Igande gauean ekaitzak jo zuen, eta erakundeek ohartarazi zuten urak gehiegizko kutsadura izateko arriskua zuela. Biarritzen, Bidarten, Donibane Lohizunen eta Hendaian itxi zituzten hondartzak, besteak beste.

Uztail bukaeratik dituzte arazoak Lapurdiko hondartzetan. Egun askotan bainua debekatuta eduki dute, euriteen eraginez araztegietako urak askatu baitituzte itsasora.